Umeen minbiziaren ikerketa diruz laguntzeko ekimena abiatu dute

Anboto 2015ko api. 23a, 09:43

Minbizia duten umeen gurasoen Gurutzetako ospitaleko La Cuadri del Hospi elkartea diruz laguntzeko hainbat ekimen antolatzen dabiltza Zaldibarren. Andoni Mesa ostalaria eta Lola Sanabria dendaria dira ekimena abiatu dutenak. Onkologia arloan diru faltagatik bertan behera geratu den minbiziaren inguruko ikerketa diruz laguntzea dute helburu. Gainera, herritarrak hezur-muina ematearen garrantziaz kontzientziatzen ere lagundu gura dute.

Kontatu dutenez, Zaldibarko Ilargi argazki taldearen erakusketa batek eman zien ekimenerako lehenengo ideia: herriko jendearen eta jende ezagunaren argazkiak agertzen dituen egutegi bat kaleratzea eta bildutako dirua umeen minbizia ikertzen dutenei bideratzea otu zitzaien.

Hasiak dira egutegirako lehenengo argazkiak egiten: La Cuadri del Hospi elkarteko gurasoen argazkia egin zuten, esaterako, joan zen asteburuan. Egutegiko hilabete bakoitzean hainbat zaldibartar eta hainbat pertsona ezagun agertuko dira: “Oraindik aurreratu ezin ditugun hainbat sorpresa izango dira”, adierazi du Mesak. Egutegia irailerako prest edukitzea espero dute, eta, hilabete horretan, besteak beste, hezur-muina emateari buruzko berbaldi bat antolatzeko asmoa ere badute.

Abenduaren 19an, maratoia
Abenduaren 19an, Zaldibarko udaletxearen pareko plazan karpa bat ipini gura dute, minbiziaren ikerkuntzan laguntzeko dirua bilduko duen maratoi solidario bat egiteko. “Zerbait polita antolatu gura dugu”, diote. “Argi dugu horrelako zerbait edozeini tokatu ahal zaigula, eta geuk ere asko eskertuko genuke horrelako egoera batean jendearen berotasuna eta laguntza”.

Askotariko ekintzak prestatzen dabiltza, eta programa aberatsa osatuko dute abenduaren 19rako: jendeak emandako gauzekin tonbola bat egingo dute, eta kirola, zuzeneko musika, antzerkia eta umeentzako ekintzak ere egongo dira. Deiedra folk rock taldeak eta Revolta Permanent taldeak baieztatu dute dagoeneko, abenduaren 19an, Zaldibarren joko dutela, eta beste musika talde ezagunen baten parte hartzea lotzen saiatuko direla aurreratu dute antolatzaileek. Bestalde, tonbola solidariorako kirol zein kultura arloko jende ezagunak emandako denetariko materialak ere biltzen hasiak direla aurreratu dute; futbol jokalariek sinaturiko kamisetak, esaterako.

Gero eta jende gehiago dabil, modu batera edo bestera, Mesa eta Sanabria zaldibartarrek martxan ipinitako ekimenera batzen, laguntzeko inplikatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!