Olazarreko lanak amaitu dituzte auzolanean

Anboto 2015ko mar. 19a, 09:00

Argazkia: Delfín Zubizarreta.

Auzolanerako bost biderrez geratuta, aire zabalean korrika egiteko zein ibiltzeko gune zabal bihurtu dute Olazar futbol zelaia zenaren ingurua.

Martxoaren 7an egin zuten auzolanerako azken deialdia, eta 30 zaldibartar inguru ibili ziren azkenengo lan horiek egiten: zelaiaren inguruko bideko zoruan 120 tona harea zabaldu zuten, korrika egiten dutenentzako zoru egokiagoa atontzeko helburuz.

Horregaz batera, Olazar inguruan hogei zuhaitz landatu dituzte: Zaldibarko basoetatik ekarritako hogei haritz, pago eta urki landatu dituzte dorretxearen inguruko lurrean.

Gobernu taldeak adierazi duenez, mahai eta aulkiak ipintzea falta da Olazar inguruko lanak guztiz amaitzeko. Horrela, merendero modura ere erabilgarri izango da inguru hori.

2012. urtean hasi ziren futbol zelaia izandakoa herritar boluntarioen lanari esker konpontzen, eta, esaterako, dorretxearen inguruko sasitza garbitzeko hiru auzolan antolatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!