Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz antolatu dute Helmuga emakume elkarteak eta Zaldibarko Udalak martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltako egitaraua. Programaturiko ekintza horien bitartez, hainbat belaunalditako emakumeengana hurreratzea dute helburu.
Gaurko clown ikuskizunagaz hasiko dute egitaraua. Barikuan, bestalde, emakumeen afaria eta dantzaldia egingo dituzte, azken urteetan bezala, Goierriko auzo etxean. Ohiturazko ekitaldia da hori, urtero harrera ona izaten duena: 50 emakume inguru batzen dira afaritara. Ondo pasatzeko eta berdintasunaren arloko lorpenak elkarregaz ospatzeko hitzordua dute emakume zaldibartarrek barikuan. 21:15ean, udaletxe aurrean batuko ditu autobusak joan gura duten emakumeak.
Kirolerako hitzordua
Emakume kirolariei zuzenduta, spinning maratoia antolatu dute, udaletxeko plazan. Martxoaren 8an, 11:00etatik 13:00etara ibiliko dira emakume parte-hartzaileak pedalei eraginda. Lehenengoz egingo dute ekintza hori Zaldibarren. Udaleko Berdintasun Sailak jakinarazi duenez, 33 lagunek eman zuten izena martitzenerako. Aurreratu dutenez, baina, 55 bizikleta ipiniko dituzte, eta horiek bete arte domekan bertan ere eman ahalko da izena.