Euskara maila handiagoa eskatuko dute Zaldibarko hainbat udal lanpostutan

Anboto 2015ko ots. 9a, 09:33

Lehenago euskara ezagutza maila jakin bat eskatzen zuten udaleko hainbat lanpostutarako hizkuntza eskakizun handiagoa zehaztuko du Zaldibarko Udalak. Udal gobernuko Bilduren sei ordezkariek eta PPko zinegotziak bozkatu zuten udal lanpostuetarako hizkuntza maila handiagoa eskatzearen alde, eta abstenitu egin zen PSE-EEko zinegotzia. Hiru zinegotzi faltatu ziren egueneko bilkuran: EAJko biak eta PSE-EEko bigarrena ez ziren udalbatzarrean egon.


Udalbatzarrean onartutako aldaketek ez diete egungo langileei eragingo, baina aurrerantzean Zaldibarko Udalak egingo dituen kontratazioetan eta lan-poltsa berrien baldintzetan eragina izango dute. Administrari lanposturako, esaterako, hirugarren maila eskatuko du udalak –orain arte bigarrena eskatu du–. Bestetik, hizkuntza eskakizunik bakoak ziren brigadako hainbat lanpostutarako –iturgin, garbiketako langile, lorezain eta lurperatzaile postuetarako– lehenengo maila eskatuko du udalak. Herriko eskolan jarduten duen brigadako langilearen lanposturako, adibidez, orain arte bezala lehenengo maila beharrean, bigarren maila egiaztatu beharko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!