Javier Iriondo, idazlea: "Gure bizitzaz gure buruari kontatzen dioguna muga bat izan daiteke"

Anboto 2015ko urt. 16a, 09:00

Un lugar llamado destino eta Donde tus sueños te lleven liburuekin ezagun egin da Javier Iriondo (Zaldibar, 1970) mundu osoan. Zesta-puntan profesionaletarako bidea hartu zuen AEBetan, baina amets amerikarra amesgaizto bihurtu zitzaion. Esperientzia horretatik eta beste bizipen batzuetatik ikasitakoa beste batzuentzat baliagarri izan daitekeela uste du.



Pozik zure bi liburuek izandako harreragaz?
Inork ezingo zuen imajinatu maila emozionalean milaka pertsonen bizitzetan lan hauek izan duten eragina. Milaka mezu jasotzen ditut egunero. Jende asko etsita egon da, eta liburu honetan argia aurkitu dute. Gazte bat bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta bere aitak semea itzuli diodala esan dit. Liburua aholkatzen duten psikologoen mezuak ere jasotzen ditut. Gertatzen dena da jendea liburuko pertsonaiagaz erabat identifikatuta sentitzen dela. “Hau idazteko espiatu egin nauzu ala?”, esan izan didate askok.

Zertan oinarritu dituzu liburuak?
Liburu biak istorio errealetan oinarrituak daude. Bigarren liburuan pertsona batek asko sufritzen du, alaba itota hil zaiolako. Gertakari hori Mutrikun nire ilobei gertatutako istripu batean oinarrituta dago, azkenean ezer larririk gertatu ez zen arren. Itsasora erori ziren portuan, gurdi eta guzti, haize ufada bategaz. Azkenean, baten bat etorri zen, eta salbatu egin zituen. Beste istorio asko nire bizitzan gertatutakoak dira. Beraz, ez dira esaerak, beste barik. Ez da su artifizialez eta begien bistako esaldiez betetako liburu bat. Hausnarketa bat egitera bultzatzen zaitu, eta identifikatua sentitzen zara. Hori bera da bidaltzen dizkidaten mezu gehienetan esaten didatena.

‘Donde tus sueños te lleven’ liburua Himalayan kokatu duzu.
Liburuak bi zati ditu. Batetik, Joe Simpsoni Andeetan gertatutako jazoera erreal batean inspiratua dago. Bestetik, Annapurnan 7.500 metrora hil zen Iñaki Otxoari eginiko omenaldi xume bat da. Ondoren, Michael Robinsonek erreskate saiakera horren inguruko dokumental zoragarri bat egin zuen. Izen pare bat daude Otxoa erreskatzen saiatu ziren bi pertsonen omenez. Daviden eta Joshuaren arteko elkarrizketak monasterio batean garatzen dira, eta leku hori erreala da: munduko monasterio altuena da, 5.200 metrora, Everesten aurrean.

Barkamenaren gaia lantzen duzu zure liburuetan.
Batez ere lehenengoan hitz egiten dut barkamenari buruz. Aldaketa posible da arriskatzera ausartzen direnentzat da liburuaren azpititulua. Bizitzan egoera gogor bat gainditzea lortzen duen pertsona baten istorioa da. Bizitzen jarraitzeak zentzurik ez zuela pentsatu arren, altxatzea lortu zuen pertsona bat da erdigunea. Ikasi duen guztiarengatik, autoritate morala du beste bati laguntzeko. Bostonera, etxera helduko da, eta bera zegoen bezala dagoen lagun bati lagunduko dio. Batzuetan arazoei ihes egiten diegu. Arazorik handiena da pentsatzea ez dugula arazorik izan behar. Arazoak dira bizitzan gogortzen zaituztenak, gihar emozionalak indartzen dizkizutenak beste erronka eta desafio batzuei aurre egiteko. Nobela formatoan azaltzen dira aldaketa prozesu horren giltzak.

Zerk oztopatzen digu bizitzan aldaketa hori gauzatzea?
Askotan, gure bizitzaren inguruan, gure buruari kontatzen diogun istorioa balazta baten modukoa da. Izan ere, batzuetan, gure buruari kontatzen dioguna gertatu den horren interpretazio oker bat da. Ez garela nahikoa esaten diogu gure buruari. Hori horrela denean batek ez du helbururik. Eta zure buruari kontatzen diozun gezur handi batengatik da hori, eta etsi egiten dugu. Inguruak ere eragin handia du. Baten bat inguru toxiko batean dagoenean, esponja bat gara, eta horrela portatzen gara. Jarrerak kutsatu egiten dira, onerako eta txarrerako. Harreman toxikoak badira, norberak erabaki behar du pertsona horiekin jarraitu edo banatu. Pertsona horiek ilusioa eta esperantza lapurtu diezazukete. Baina desilusio handiena ez saiatzea da.

Pablo Motos aurkezleak idatzi dizu lehen liburuko sarrera. Zelan ezagutu zenuen?
Motosek liburua irakurri zuenean e-mail itzel bat bidali zidan. “Hau mundu guztiak irakurri behar du”, esan zidan.

Zelako esperientzia izan zen 20 urtegaz AEBetara joatea?
Heldu eta berehala greba harrapatu nuen. Dena galtzea, bi urtez kalean pikete batean egotea, argia ez ikustea, esperantza eta konfiantza galtzea… Zurrutari eman nion, eta oso momentu gogorrak bizi izan nituen. Gaur egun, hainbeste jenderi gertatzen ari zaiona gertatu zitzaidan. Birritan joan zait bizitza pikutara, beraz, badakit zer den hori. Horregatik, hitz egiten dudanean, nire esperientziari buruz berba egiten nabil. Bizitzak lurrera botatzen zaituenean eta gainetik pasatzen zaizunean, zelan zutundu da azaltzen dudana.

Zaldibarregaz harrema duzu?
Valentzian bizi naiz, baina Gabonetan Zaldibarren izan naiz. Anbotora igo nintzen, horra noan guztietan egiten dudan moduan, Pol-pol ingurura. 25 herrialdetan izan naiz, baina nik leku bi ditut gogoko: Urdaibai eta Anboto.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!