1985. urtean, Jose Mari Amezua Kultur zinegotziari ohitura hau berreskuratzea bururatu zitzaion. Horrela, eskolako guraso elkarteari proposamena luzatzea erabaki zuen. Errentak ordaintzeko beharrizan barik, jai giroan planteatu zuten San Eztebe eguneko ospakizuna Zaldibarren. Urteen joan-etorriagaz, guraso elkartearen ekimena errotzen joan da herrian, Gabonetan antolatzen den egitarauaren barruan, eta harrera ezin hobea izaten du
Aurten ere, guraso elkarteak prest du San Eztebe eguneko egitaraua. 18:30ean ekingo diote jaiari. Eskolako pilotalekuan taloa, txorizoa, urdaia eta gaztaina erreak banatuko dituzte. Ordu eta erdian 600-700 mokadu banatzen dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Denbora gutxian lan handia izaten dute, beraz. Era berean, Koral elkarteko trikitilariek giroa alaituko dute. Umeei zuzendutako ekintzak ere prestatu dituzte Txintxaur aisialdi taldeko kideek.