Trikitilari Gazteen Txapelketa, sanandresak amaitzeko

Anboto 2014ko azaroaren 28a

Argazkia: zaldiblog.blogspot.com webgunetik hartua

Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketaren finala jokatuko dute, domekan, Zaldibarren. Neguko San Andres jaietako egitarauaren barruan jasota dago hitzordua: domekan, 17:30ean, Olazar pilotalekuan izango da emanaldia.

Txapelketaren XXIII. edizioa da aurtengoa, eta Azkoitiko eta Aramaioko kanporaketetan puntu gehien batu zituzten zortzi bikoteek joko dute finalean. 1995. eta 2001. urteen artean jaiotako soinulariek eta 95etik aurrera jaiotako panderojoleek hartu dute txapelketan parte, eta finalean Bizkaiko trikitia, porrusalda, Jose Mari Iriondoren Garasolo fandangoa eta arin-arina joko dituzte. Bestalde, ohi bezala, Zaldibarko kaleak ere girotuko dituzte parte-hartzaileek domekan bertan, 11:00etan.

Neguko sanandresak trikitilarien finalagaz amaituko dituzte, baina gaurko, biharko eta domeka goizerako ere hainbat ekintza antolatu dituzte Jai Batzordeak eta gaztetxeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!