Baserriko produkturik onenak, domekan, Neguko Azokan

Anboto 2014ko azaroaren 12a

Durangaldeko nekazariak, Elorrioko jaietako azokan.

Neguko XVI. Azoka atonduko dute azaroaren 16an, Zaldibarko Euskal Herria etorbidean. Baserriko sasoiko produktuen erakusketa eta salmenta, eta lehiaketa egingo dituzte, ohi bezala, domekan. Erakustokiak 10:00etatik 15:30era arte edukiko dituzte zabalik.


Barazkiak, frutak, okelagaz egindako produktuak, txakolina, ogia, gozogintzako produktuak, eztia eta gazta ekarriko dituzte Durangaldeko eta inguruko nekazariek azokara. Durangaldeko herrietako, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko nekazariek hartuko dute parte aurtengo ekitaldian.

Zaldibarko Udalak izendaturiko herritar talde batek osaturiko epaimahaiaren ardura izango da azokako sariak banatzea. Bi banatuko dituzte arlo bakoitzean; ortuari eta fruta onenei 125 euroko lehenengo saria, eta 90eko bigarrena emango diete. Txakolingile, okin, eztigile eta gaztagilerik onenek 100 euroko lehenengo saria eta 75eko bigarrena jasoko dute, eta 125 euroko saria emango diote ondoen apainduriko erakusmahaiari. Domekan, 14:00etan egingo dute sari banaketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!