Lau argazki erakusketa, datozen lau asteburuetarako

Anboto 2014ko aza. 7a, 12:00

Datorren asteburuan ipiniko dute Fernando Retolaza eibartarraren lana ikusgai.

Argazkizaleentzat hainbat hitzordu antolatu ditu Ilargi argazki taldeak azarorako. Asteburu honetan izango da lehenengo hitzordua: Elorrioko argazki taldeko argazkizaleek ura gaitzat hartuta egindako argazkiak ipiniko dituzte, gaurttik domekara, erakusketan. 

Azaroaren 14an, 15ean eta 16an, aldiz, Ilargi argazki taldeko zazpi egileren lanak ipiniko dituzte Zaldibarren, erakusketan. Hirugarren asteburuan, Fernando Retolaza eibartarraren Nepal, mendia eta hiria bildumako argazkiak erakutsiko dituzte.

Euskal Herria kaleko 8. zenbakiko lokalean atonduko dituzte erakusketa guztiak. Barikuetan (18:00etatik 20:00etara), zapatuetan (12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara) eta domeketan (12:00etatik 14:00etara) egongo dira ikusgai.


Ilargi argazki taldeak antolatu duen XXIV. Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko epea ere hil honetan amaituko da: azaroaren 19an. Lehiaketa horretara aurkezturiko argazkietako batzuk erakutsiko dituzte azaroko azken asteburuan: 28an, 29an eta 30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!