Goizean, 11:00etatik aurrera, Cattle Penning izeneko modalitatean lehiatuko dira zaldunak: banan-banan aterako dira zaldunak hamar behiko taldea gidatzera; gero, epaileak emandako zenbakia duen behia dagokion itxiturara bideratu beharko dute zaldunek. Saio horren ostean, 13:30ean, Reining erakustaldia egingo dute partaideek, ikusleen gozamenerako: zaldiaren eta zaldunaren arteko ezagutzaren eta kontrolaren erakusle diren ariketak egingo dituzte.
Arratsaldeko saioan, berriz, taldekako lehiaketan jardungo dira parte-hartzaileak 16:30etik aurrera: Team Penning izeneko saioa izango da Olazarren. Hiru zalduneko taldetan ariko dira ekinaldi horretan: 30 behi gobernatzen saiatuko dira zaldunak; batetik hamarrerako zenbakiekin markatuta egongo dira behiak, eta epaileak agintzen duen zenbakia duen behia batu eta itxituran sartzea izango da egitekoa.
Lehiaketako saioak amaituta, 20:30ean egingo dute sari banaketa ekitaldia. Zaldibarren erabakiko da zein diren Euskal Herriko zaldunik abilenak.
Euskal Western Elkarteak eta Euskal Hipika Federazioak, Zaldibarko Udalaren babesagaz antolatuko du biharko hitzordua. Hain zuzen, udalak ekimenari laguntzeko daukan prestatutasuna azpimarratu dute hitzorduaren antolatzaileek.