Jaietan jarraituko dute zapatuan eta domekan ere, Goierrin. Bihar, 11:30etik aurrera ariko dira parte-hartzaileak bakailao eta paella txapelketetara aurkeztuko dituzten lapikoen prestaketan; 14:00etan aurkeztuko dituzte lapikoak. Lehiaketa gastronomikoen ostean, herri bazkaria, umeentzako antzerkia, Lotxo taldearen erromeria eta bolo txapelketa izango dituzte, besteak beste, Goierrira hurreratzen direnek.
Ohi bezala, trakagaz emango diete jaiei amaiera, domekan, 22:00etan. Aurretik, auzokide nagusiei omenaldia egingo diete 13:00etan, eta, ondoren, Zaldibarko umeen dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Arratsaldean, 18:00etan asto-probak egingo dituzte, eta argazki proiekzioa egingo dute, ohi bezala, jaiak amaitutzat eman orduko, 21:30ean.