Lehen Hezkuntzako eraikinean lanak egiteko konpromisoa adostu du Udalak Eusko Jaurlaritzagaz

Anboto 2014ko uzt. 10a, 11:00

 

Zaldibarko Udaleko alderdi politikoen, guraso elkartearen eta irakasleen ordezkariak elkarrekin agertu ziren atzo, Lehen Hezkuntzako eraikina konpontzeko Eusko Jaurlaritzagaz lotu duten akordioaren berri emateko.

 

EAJko zinegotziek ezin izan zuten prentsaurrekoan egon, baina udaleko alderdi guztiak daude ados: akordioa “berri oso pozgarria” da, eta behar-beharrezkoa da Partenoia izenez ezagutzen den eskolako eraikinaren konponketa.

Urtetako eskaria gauzatu, eta solairu berri bat altxatuko diote Lehen Hezkuntzako eraikinari. Izan ere, eraikina txiki geratu da: 2016. urterako ez legoke ume guztientzako lekurik. Urtea amaitu orduko obra esleitu, eta 2015ean lanean hastea da asmoa.

Mantenimendu lanak, uda honetan
Solairu berriko obrak egin baino lehen, eraikinak sabaian dauzkan arazo larriak –arrakalak, hezetasunak eta itoginak, esaterako– konpontzeko lanak egindo dituzte uda honetan. Guztira, 29.262 euro inbertituko dituzte itoginak eta hezetasunak konpontzeko (11.705 udalak ordainduko ditu, eta 17.557 Eusko Jaurlaritzak).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!