"Denoi egiten digu ilusioa jaien hasierako txupinazoa botatzeak"

Anboto 2014ko uzt. 3a, 12:15

Victor Maestro eta Nati Mesa Zaldibarko guraso elkarteko kideak dira. Gaur 19:00etan jaurtiko dute Zaldibarko jaiei hasiera emango dien txupina

Ohore berezia da zuentzat jaietako txupina botatzea?
Victor Maestro: Zelan ez, denoi egiten digu ilusioa jaien hasierako txupinazoa botatzeak. Dena den, konturatu gara orain arte herriko pertsona ezagunak izan direla txupina bota dutenak, eta zerrenda hori amaitu egin dela dirudi [barrez]. Ohore hori herriko elkarteei eman diote azkenaldian.
Nati Mesa: Esan zigutenean sinetsi ere ez genuen egiten! Egia da, bestalde, jaietan ere udalagaz elkarlananean jarduten dela guraso elkartea.
V.M.: Udalaren diru-laguntza jasotzen dugun heinean, urtean hainbat ekintza antolatzen laguntzen diogu herriko elkarteok udalari. Hainbat lanetan kolaboratzen dugu.

Noiztik zabiltzate Zaldibarko eskolako guraso elkartean?
V.M.: 2001ean, ezkondu nintzenean etorri nintzen hona bizitzera, eta seme-alaba bi dauzkat Zaldibarko eskolan. Duela lau urtetik dihardut guraso elkartean, eta azken hiru urteetan lehendakari. Datorren ikasturtean guraso talde berriari laguntzen ariko naiz, aurten amaituko duten batzordekideak bezala.
N.M.: Alaba bi dauzkat eskolan, eta urte bi daramatzat elkartean. Datozen bi urteetan ere bertan jardungo naiz, eta Victorrek utzitako lehendakari kargua hartuko dut.

Zein da guraso elkarteak gehien lantzen duen arloa?
V.M.: Lan handiena eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen eta koordinatzen egiten dugu. Hainbat kirol eskaintzen ditugu: futbola, saskibaloia, gimnasia ritmikoa, karatea, aerobica, igeriketa... Eta ingeleseko hainbat mailatako eskolak ere eskaintzen ditugu. Ez da lan erraza izaten ordutegi guztiak egokitzea. Urtean, bestalde, hainbat jai antolatzen ditugu: sanandresetan, inauterietan, Gabonetan...
N.M.: Aurtengo Gabonetan umeentzako parkea antolatu dugu lehenengo aldiz, eta arrakasta itzela izan du. Gainera, hezkuntzaren inguruko hiru hitzaldi ere eskaintzen ditugu ikasturte guztietan.

Zenbat ume aritzen da eskolaz kanpoko ekintzetan?
V.M.: 290 umek hartu dute aurten eskolaz kanpokoetan parte. Gure helburua da nahi duen orok izatea eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko aukera, eta ekintzek denen eskura dauden prezioak izan ditzatela.

Joan zen asteburuan egin zenuten ikasturte amaierako jaia.
V.M.: Urtero egiten dugu jaia, ikasturtea amaitu eta hurrengo zapatuan: goizeko 09:00etatik goizaldeko 04:00ak arteko jaia da. Aurten ere hainbat joko antolatu ditugu, tabernatxo bat ipintzen dugu denon artean, afaltzeko elkartzen gara... Giro polita sortzen da urtero-urtero.
N.M.: Jai horretan antolakuntza lanetan laguntzen digute ikastetxetik joango diren seigarren mailako ikasleen gurasoek: barran, antolakuntzan eta garbiketa lanetan laguntzen digute.

Gustura zaudete egiten duzuen lanaren emaitzagaz?
V.M.: Buru-belarri egiten dugu lan ikasturte osoan antolatzen ditugun ekintzak ondo atera daitezen, eta, orokorrean, oso pozik gaude emaitzagaz. Horren harira, eta etorkizunean zertan hobetu genezakeen ikusteko, inkesta bat zabaldu berri dugu: gurasoei eskatu diegu, besteak beste, elkartearen jarduna baloratu dezatela. Emaitzak aztertzeko ditugu oraindik.
 
Gurasoek era aktiboan parte hartzen dute elkartean?
V.M.: Ez da erraza parte-hartze maila handia lortzea. Jendeak ohitura dauka tabernan gaudela eskolaren inguruko gauzak komentatzeko, batzarretara etorri edo idatzi bat egin beharrean.
N.M.: Egia esan, nahi genukeena baino askoz guraso gutxiago etortzen da, esaterako, ikasturtean egiten ditugun bi asanblada orokorretara.
 
Zer erronka nagusi dauzka Zaldibarko eskolak eta guraso elkarteak etorkizunerako?
N.M.: Eraikina konpondu diezagutela lortzea da nagusia.
V.M.: Eskolak egiturazko arazoak dauzka –ur filtrazioak eta leku falta, adibidez–, eta horiek konpontzea oinarrizkoa da.
N.M.: Seme-alaben bila goazenean, egunero egiten dugu sartu-irtena eskolara, eta gurasook badakigu egoera kaskarrean dagoela. Baina benetan larria eraikinaren egoera da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!