Eskolara arteko oinezkoen bidea hobetzeko lanak egingo dituzte

Anboto 2014ko eka. 19a, 11:53

Euskal Herria eta Santa Isabel kaleen artean oinezkoentzako ibilbidea hobetzeko lanak egingo dituzte, datorren astean. Herriguneko 3 lekutan burutuko dituzte espaloiak zabaldu eta babesteko lanak.

 

Asier Salaberria udal arkitektuak gaur azaldu duenez, lanak aste baten buruan amaitzea da aurreikuspena. Hirigintza Planaren berrikuspenerako burutu dituzten tailerretan herritarren sarritan egindako eskariaren bidean “pausu bat” da, Salaberriaren berbetan, obra hau. Arantza Baigorri alkateak azpimarratu du, hirigintzari oinezkoen ikuspuntutik begiratuta, hobekuntzak egiteko beharra dagoela.

Eskolarako bidean, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da lanen helburua: “Eskolara arteko ibilbide peatonal seguru bat sortzea”. Izan ere, gaur egun, etenak daude ibilbide hori oinez egiteko (espaloia amaitu egiten da zonalde batzuetan, aparkatutako kotxeek apurtzen dute oinezkoen bidea, bidegurutzeak daude...). Jendeak ohitura hartu du errepidetik ibiltzeko.

Asier Salaberria arkitektuak nabarmendu du, obra honegaz, "hirigintza errealitatera moldatu" gura dutela, "bide naturalak" aintzat hartzea. “Izan ere, sarritan, planoetan egiten denak ez baitu egunerokotasuneko beharrei erantzuteko balio”.

Hiru gunetan hobekuntzak

Herriguneko hiru lekutan burutuko dituzte espaloiak zabaldu, oinezkoen bideak zabaldu eta babesteko obrak: Gortazar kalearen eta Euskal Herria kalearen bidegurutzetik Santa Isabel kalerako ibilbideko 200 metroko luzeran.

Ikusita oinezko askok bidea zebra-bidetik barik beheragotik igarotzen duela, zabalduko dute zebra-bidea, Gortazar eta Euskal Herria kaleen bidegurutzean: 5 metro handituko dute. Gaur egun falta den lekuan, espaloia egingo dute, bestalde, Bekoetxe parean. Horretarako, eta autoak abiadura mantsotzera behartzeko, errepideari sobera daukan espazioa kenduko diote.


Arantza Baigorri alkateak eta Asier Salaberria arkitektuak azaldu dutenez, 8.900 euroko aurrekontua izango dute lanek (seinaleztapenerako, 2.900 eta asfaltatze lanetarako 6.000).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!