Hiri antolamendurako planaren aurrerapena aurkeztu dute

Anboto 2014ko mai. 28a, 11:45

Teknikariek osatu duten planaren aurrerapenaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean, udaletxeko sarreran. Bertan dago planaren inguruko informazio guztia erakusketa publikoan.

 

Zaldibar Eitten! parte-hartze prozesuan jasotako iritzi eta proposamenen datu-bilketa eta azterketa egin dute azken hilabeteetan teknikariek, eta beraiek eman zituzten osatu duten aurreplanaren inguruko informazioa, atzoko aurkezpenean. Udaletxeko sarreran egin zuten atzo planaren aurkezpen publikoa.

Ekainean zehar, udaletxeko sarreran egongo da planaren dokumentazio guztia nahi duten herritarrek kontsulta dezaten. Erakusketa publikoan egongo da, uztailaren 12 arte. Arantza Baigorri alkateak azpimarratu duenez, eskaintza honekin, ohiko erakusketa publikoetan baino partaidetza handiagoa gura dute lortu.

Euren ekarpenak egin, eta teknikarien ahotik azalpenak entzuteko aukera izango dute herritarrek, hainbat hitzordutan. Ekainaren 2an, 18:00etatik 20:00etara, Ingurugiro eta mugikortasun sailetako teknikariak eta zinegotziak egongo dira bertaratzen diren herritarrei azalpenak ematen, edo dauzkaten zalantzak argitzen; ekainaren 11n, ordu berean, parte-hartze arloa daramaten teknikariak eta zinegotziak egongo dira, eta hirigintza arloko teknikari eta zinegotziak, ekainaren 19an, 18:00etatik 20:00etara.

Ekintza txikiekin eraldaketa handia
Ingurugiroari, sozio ekonomiari eta hirigintzari dagozkion herri helburuak jaso dituzte atzo aurkezturiko Plan Orokorraren Aurrerakinean. “Esku-hartze handien ordez, eraldaketa handia ekarriko duten ekintza txikiak” proposatzen ditu planak. Besteak beste, herriko sarreran aldirietako aparkaleku bat egitea, aisialdirako ibilbideak atontzea, nekazari berriak hartu ahal izateko lurzorua eskaintzea, landa auzoen eta nukleoaren arteko oinezkoentzako komunikazioak eratzea, landa paisaia babestea, baserrien birgaitzea bultzatzea eta segregazioa malgutzea, etxebizitza hutsen erabilera bultzatzea, edota Alde Zaharra eta San Andres auzoa birgaitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!