Hirigintza Antolamendurako planaren aurrerapena aurkeztuko dute, bihar

Anboto 2014ko maiatzaren 26a

Urtebeteko parte-hartze prozesuan zehazturiko Hiri-Antolamendurako plan orokorraren lehenengo emaitza erakutsiko dute berau diseinatzen jardun diren teknikariek, bihar, 18:30ean, udaletxean.

 

Zaldibar Eitten! parte-hartze prozesuan jasotako iritzi eta proposamenen datu-bilketa eta azterketa egin dute teknikariek, eta beraiek emango dituzte osatu duten aurreplanaren inguruko informazioa, biharko aurkezpenean.

Ingurugiroari, sozio ekonomiari eta hirigintzari dagozkion herri helburuak jaso dituzte Plan Orokorraren Aurrerakin horretan. "Esku-hartze handien ordez, eraldaketa handia ekarriko duten ekintza txikiak" proposatzen ditu planaren aurrerapen horrek. Esaterako, herriko sarreran aparkaleku bat egitea, herrian aisialdirako ibilbideak atontzea, nekazari berriak hartu ahal izateko lurzorua eskaintzea, landa auzoen eta nukleoaren arteko oinezkoentzako komunikazioak eratzea, baserrien birgaitzea bultzatzea eta segregazioa malgutzea, etxebizitza hutsen erabilera bultzatzea, edota Alde Zaharra eta San Andres auzoa birgaitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!