Zaldibarren, Hiri Antolamendu Plana garatzea aurtengo lehentasun

Anboto 2014ko api. 30a, 09:29

Bilduko sei zinegotzien aldeko botoekin egin du aurrera Zaldibarko Udalaren 2014rako aurrekontuak. Gobernu taldearen proposamenaren kontra egin zuten PSE-EEko bi zinegotziek asteleheneko udalbatzarrean, eta abstenitu egin ziren EAJko eta PPko ordezkariak. Plan Orokorraren berrikuspenerak izango da inbertsiorik handiena.


Aitor Arizmendiarreta Ogasun zinegotziak azaldu duenez, aurreko urteetako aurrekontuen segida dira 2014kook: “Gastuari eusten eta kostuak merkatzen saiatu gara”. Arizmendiarretak azpimarratu zuen, diru-sarreren atalari dagokionez, aurten Udalkutxatik 100.000 euro baino gehiago jasoko dituela Zaldibarko Udalak.


Urte honetarako Zaldibarko Udalak aurreikusi dituen gastuen atalean, aldiz, inbertsiorik handiena (142.000 eurokoa) Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspena aurrera ateratzera bideratuko dute.
Bestalde, gobernu taldeak joan zen asteleheneko ezohiko udalbatzarrean azpimarratu zuenez, udal instalazio guztietako eta herriko kaleetako argiteria kontsumoa murrizteko bideak aurkitzeko azterketa bat egingo dute. Aurrekontuan jasotzen denez, udalak 16.000 euro inbertituko ditu azterketa hori egitera. Efizientzia energetikoa hobetzea da helburua.

Lurpeko zaborrontzietan gehiago ez inbertitzeko gobernu taldeak egin duen hautua aipatu zuen Nerea Garitagoitia EAJko zinegotziak gobernuaren aurrekontu proposamena ez babesteko bere alderdiaren hautua arrazoitzeko: “Abstenituko gara, batez ere, astakeria handia iruditzen zaigulako 15.000 euroko gastu bat ekiditeko lurpeko zaborrontziak bertan behera uztea. Aurreztu beharra dago, baina ez horretan”.

Javier Tera PSE-EEko zinegotziak ere esan zuen: “Zentzugabea deritzogu lurpeko zaborrontzien zerbitzua kendu, eta, aldi berean, udalak 100.000 euroko diru-laguntzak banatzen jarraitzeri. Aurrekontu honi egin diogun zuzenketa bakarra izan da hori, eta gobernuak ez du aintzat hartu ere egin”. Arantza Baigorri alkateak erantzun zuen udalarentzat dirutza dela lurpeko zaborrontziak mantentzea, eta lurgainekoen mantentzeak, aldiz, udalari ez dakarkiola kosturik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!