Irisgarritasunari loturiko gutxieneko baldintzak bermatu eta terrazak zelan kokatu arautzeko osatu du gobernu taldeak ordenantza berria. Araudia aplikatu ahal izateko, herriko 13 tabernari terrazaren kokapen egokiaren proposamena luzatu die Udalak.
Ordenantza berriaren arabera, 2.90 metro baino estuagoak diren espaloietan ezin izango da terrazarik ipini. Terrazek, oinezkoentzako 2 metro zabaleko pasabidea oztoporik barik utzi beharko dute. Atzo onarturiko ordenantzak zehazten duenez, bestalde, terrazek hartzen duten azalera mugatu itsuak oztopoaz ohartzeko, alboko babesak ipini beharko dituzte jabeek terrazaren inguruan.
Jose Andres Urizar zinegotziak azaldu zuenez, 2011. urtean onarturiko araudia indarrean egon arren, azken urteetan Udalak ez du betearazi, baldintza zurrunegiak ipintzen zituelako. "Uste dugu soluzio posibilistena dela hau, izan ere, taberna guztiei egin diegu euren terraza kokatzeko lekurik egokienaren proposamena".
Ordenantza honek proposatzen dituen aldaketetako batzuek aparkaleku plazak galtzea ekarriko duela azpimarratu, eta "gaia hobeto aztertu behar litzateke", esan zuen PSE-EEko Javier Tera zinegotziak, atzoko udalbatzarrean. Arantza Baigorri alkateak erantzun zion, gobernu taldeak argi daukala "udalaren lehentasuna herritarrak izan behar direla, eta ez kotxeak".
"Nork betearaziko du ordenantza hau?", galdetu zuen Nerea Garitagoitia EAJko bozeroaleak. Ordenantzak dioenez, "Udalak bide publikoan lizentziarik gabe ipinitako mahaitxo eta terrazak kendu ahalko" ditu, "hirigintzako arau-hautse larritzat" jotzen dituelako, eta araudia "ez betetzeak isun ekonomikoa" ekarriko du: arau-hauste arinengatik 200 eta 750 euro arteko isuna aurreikusten du ordenantzak, arau-hauste larriengatik 751 eta 1.500 artekoak; eta 1.501 eta 3.000 artekoak arau-hauste oso larriengatik".