Greba mugagabean daude ospitale psikiatrikoko garbitzaileak

Anboto 2014ko mar. 25a, 09:30

Lanuztea hasi zutenetik, ospitale psikiatrikoaren aurrean kontzentrazioa egin dute langileek egunero
Martxoaren 20an abiatu zuten ospitale psikiatrikoko zortzi garbitzaileek UGT sindikatuak deituriko lanuztea

Dani Gonzalez UGTko eskualdeko arduradunak azaldu duenez, "psikiatrikoaren garbiketa lana enpresa bati azpikontratu izan dio azken 20 urteetan Osakidetzak, eta egun batetik bestera, zerbitzua internalizatzeko asmoa agertu du, orain, Osasun sailak".

Gonzalezen berbetan, "Zaldibarko ospitalean lanean urte asko daramaten zortzi langile kaleratzea dakar erabaki horrek: enplegua suntsitzea. Gainera, Osakidetzak ez du esan lanpostu horiek betetzeko lanpoltsa publikoetatik kontratazio berriak egiteko asmoa duenik, baizik, barneko langileekin beteko duela hutsune hori".

UGT sindikatuko bozeroaleak dioenez, Osakidetzak ez die kaleratzearen inguruko ezelako jakinarazpen formalik egin langileei, eta sindikatuko ordezkariak arduradunekin berba egiten saiatu diren arren, ez diete jaramonik egin. "Lanpostu hauengatiko borroka beharrezko den puntura arte eramango dugu", aurreratu du Dani Gonzalezek: "Kaleratzeak bertan behera uzten dituzten arte".

Joan zen astean greba mugabakoa hasi zutenetik, ospitale psikiatrikoaren aurrean kontzentrazioa egin dute langileek, 12:00etatik 13:30era, egunero.









ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!