Zaldibarko hirigintzari, soziekonomiari, eta ingurumenari buruz hainbat herritarrek eta politikariek teknikarien laguntzagaz egindako gogoeta nagusiak bildu dituzte erakusketa horretan.
Parte-hartze prozesua dinamizatu duten teknikariek eta udaleko alderdi guztietako ordezkariek bisita gidatuak eskainiko dituzte, erakusketan zehar: otsailaren 1ean eta 5ean, 12:00etatik 14:00etara; eta urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 6an eta 7an, 18:00etatik 20:00etara egingo dituzte bisita gidatu horiek.
Otsailaren 8an itxiko dute erakusketa, baina aurretik, “tailer-festa” bat egingo dute egun horretan bertan. Parte hartze prozesua bultzatzen jardun duen taldeko Koldo Telleria teknikariaren berbetan, “ekarpenak egin dituen jende guztia eskertu” gura dute, otsailaren 8an, 11:00etan, hasiko den ekitaldi horregaz.
Bestalde, parte hartze prozesuan lehentasunezkoa markatu duten gaietako bati heldu, eta iritzia ematera ere gonbidatuko dute jendea, otsailaren 8an: Euskal Herria kalea oinezkotzeko lau aukeren artean onena aukeratzera gonbidatuko dituzte herritarrak. Hain zuzen, “herrian oinezkoentzako erdialde bat, elkargune bat, sortzea” da herritarrek Zaldibarren etorkizunerako, Hiri-Antolamendurako Plan berrirako tailerretan markatu duten lehentasunetako bat.