Itoginak konpontzeko lanak egingo dituzte pilotalekuan

Anboto 2014ko urt. 24a, 12:00

Olazar Pilota Txapelketako pilota partidu batzuk bertan behera uztera behartu zuen pilotalekuko itoginen arazoak, eta obrak egingo ditu Zaldibarko Udalak.

 

"Urte asko dira pilotalekuaren teilatuan ezelako konponketarik egin ez dela", dio Rafa Urizar gobernu taldeko zinegotziak, "eta uste dugu frontoia zaindu beharreko azpiegitura dela; oso eraikin ederra da, eta asko kaltetzen hasia zen, batez ere, hezetasunaren eraginez". Zaldibarko Udalak abiatuko duen obra honek 13.000 euro inguruko aurrekontua izango du.

Pilotaleku barruan, bestalde, pilota taldearentzako bulego bat ere atonduko dute; taldearen zuzendaritzak batzartzeko eta bere lana egiteko leku aproposagoa izan dezan egingo dituzte lanak pilotaleku barruan. Arduradunek azaldu dutenez, egunotako eguraldiak teilatuko beharrei ekitea zaildu du, eta pilotaleku barruko obrarekin martitzen honetan hasi dira. 

Berrogeita hamar ume inguruk jasotzen ditu pilota eskolak duela 26 urte eraikitako pilotaleku honetan: "Entrenamenduez aparte, euren arteko partiduak egiten dituzte barikuetan, eta oso giro polita eta bizia dago pilotalekuan", dio Urizarrek, "erabilera handiko eraikina da zaindu beharrekoa".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!