Udal gobernuko Bilduko sei ordezkarien aldeko botuekin onartu zuten proiektu berria, atzoko udalbatzarrean. Abstenitu egin ziren oposizioko PSE-EE, EAJ eta PPko ordezkariak.
Jose Andres Urizar Hirigintzako zinegotziak azaldu zuenez, 312.000 euroko aurrekontua daukan egitasmoa da burutuko dutena: "Duela urte batzuk aurreikusi bezala, 1.500.000 euroko inbertsioa eskatzen zuen proiektua burutzeko dirurik ez daukagu, eta irtenbiderik onena hauxe iruditzen zaigu".
Gaztetxe pareko biribilgunetik Autonomia, Askorra eta Foru kaleetara bideratuko dituzte ibilgailu astunak, saihesbidearen obra hauek amaitutakoan. Horrela, "herriko bizitzaren zentrua den Euskal Herria kalea gutxinaka ibilgailuz libratzea, eta gune seguruagoa bilakatzea" lortuko dutela uste du Bilduko gonernu taldeak.
Besteak beste, Askorra kalean 20 aparkaleku kendu eta errepidea zabaltzea, eta Foru kalean 30 aparkaleku berri egitea jasotzen du atzo onartu zuten proiektuak.