Europako Ondare Jardunaldien barruan kokatuta, Belen Bengoetxea EHUko arkeologoak Zaldibarko dorretxearen garapen historikoa arkeologiaren bidez erakutsiko die herritarrei.
Zaldibarko dorretxea Durangaldeko leinurik garrantzitsuenetakoaren bizitoki izan zen mende askotan. Lur zati zabaletan banatutako baserritar asko dorretxearen zerbitzura bizi izan ziren luzaroan. Gaur egun, orduko handitasunetik urrun dago dorretxea; horma zatiak, egurrezko hagak eta elementu artistiko batzuk geratzen dira banderizoen sasoian zuen botere handiaren erakusgarri. Orain, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, dorretxeari hautsak astindu dizkiote auzolanean eta asteburu honetan herritarrek dorretxearen errediografia historikoa egingo dute arkeologiaren bidez.
Auzolanagaz dorretxearen egitura eta inguruko belardiak garbitu eta dotore utzi dituzte. Ekimenerako izena eman duten herritarrek Belen Bengoetxea EHUko arkeologoa izango dute gidari. Zapatuan goiz zein arratsalde eta domeka goizean prestatu dituzte Zaldibarko dorretxerako bisitak.
Bertara joan aurretik, garai bateko futbol zelaiko gela batean batuko dira. Lehenengo dorretxea testuinguru historikoan kokatu eta bere ezagaurriak azalduko ditu Bengoetxeak. Ondoren, arkeologiaren bidez dorretxea ‘irakurtzeko’ gakoak emango ditu eta Durangaldeko beste dorretxe batzuetan egindako arkeologia azterketak azalduko ditu, Durangoko Lariz dorrekoak, besteak beste. Informazio hori guztia jaso ondoren, alderdi praktikoari ekingo diote.
Bengoetxearen gidaritzapean, herritarren begi arkeologikoak izango dira apurka dorretxearen egitura eta elementu arkitektoniko zein artistikoak berriro bistaratuko dituztenak: “Eraikin noble bat izan zela erakusten duten ezaugarriak mantentzen ditu oraindik. Harri landuagaz egindako dorretxea da. Oin planta ondo ikusten da oraindik eta lehen solairua ere nahiko ondo kontserbatuta dago. Goragoko solairuaren zati bat ere ikusi daiteke. Estilodun elementuak ageri dira, arkudun ate zein lehioak eta zelosia estiloan egindako beste batzuk. Bestalde, denboran zehar fase desberdinak izan dituela ikusi daiteke. Egitura batzuk eraiki ziren sasoikoak dira, baina elementu asko beste hainbat fase desberdinen ondorio direla ikusi daiteke”, azaldu du Belen Bengoetxeak.
Ekimenean parte hartuko duten arkeologo hasiberriak elementu bakoitza denboran kokatzeko eta batak besteagaz osatzen duten armonia bereizteko ariketak egingo dituzte.
Bengoetxearen ustez, garrantzitsuak dira horrelako ekimenak: “Alde batetik herritarrek dorretxea eta ingurua garbitzeko egin duten ahalegin handia dago. Bestetik, ondarea bera baloratzeko ere ekimen interesgarria da. Denboran zehar eraldatutako ondare baten adibide garbia da”.