Lan istripua salatzeko, dolu eguna gaur

Anboto 2013ko ira. 27a, 08:34

Eguztenean herriko baso bide batean jazotako lan istripuaren inguruan jardun eta 53 urteko langilearen heriotza salatzeko urgentziazko mozioa aurkeztu zuen Bilduko gobernu taldeak, atzoko ohiko osoko bilkuran

Eguztenean herriko baso bide batean jazotako lan istripuaren inguruan jardun eta 53 urteko langilearen heriotza salatzeko urgentziazko mozioa aurkeztu zuen Bilduko gobernu taldeak, atzoko ohiko osoko bilkuran.

 

Mozioa urgentziaz lantzearen alde, gobernu taldeko 6 zinegotziak bakarrik agertu ziren. Gobernu taldearen idatzia plenoaren gai-ordenan urgentziaz sartzearen kontra bozkatu zuen EAJk, eta abstenitu egin ziren, PSE-EE eta PP. Gertatutakoari buruzko informazio nahikorik ez zutela adierazi zuen Nerea Garitagoitia zinegotziak, eta "batzorde batean lantzeko, mahai gainean uztea" proposatu zuen.

 

Bost konpromezu

Bilduko gobernu taldekoen gehiengoagaz, baina, lan istripuaren inguruan jardun ziren, atzoko udalbatzarrean. Bost puntuko mozioa da gobernuak proposaturikoa, eta Bildukoren aldeko 6 botugaz eta PSEren 2gaz onartu dute. Abstenitu egin zen EAJ, eta horrelako kasuetan erantzuteko, udalak protokolo bat osatu behar lukeela nabarmendu zuen.

 

Bildu eta PSE-EEren aldeko botuekin onarturiko idatziaren arabera, honako konpromezuak hartu ditu Zaldibarko Udalak: "Lan istripuaren ondorioz hildako langilearen familiari eta lagunei elkartasuna adierazi eta laguntza ematea (ekonomikoa barne)"; "Gertaturikoa argitzeko beharrezko bitartekoak jartzea, besteak beste, istripua gertatu den enpresako zuzendaritzarekin bilera eskatzea, istripuari buruzko informazio guztia eman dezan"; "Gaurko eguna dolu egun izendatzea eta banderak haga erdian jartzea"; "Istripua salatzeko antolatu diren mobilizazioekin bat egitea eta herritar guztiei dei egitea protesta hauetan parte har dezaten"; eta "erabakiok herritar guztiei ezagutzera ematea".

 

Elkarretaratzea, eguerdian

Beharginaren heriotza eta "lan prekarietatea" salatzeko, elkarretaratzea egingo dute, Zaldibarko udaletxeko plazan, gaur. ELA, LAB, STEE-EILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek deitu dute kontzentrazioa. 12:30ean, udaletxearen aurrean ipini dute hitzordua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!