Euskadiko Cattle eta Team Penning lehiaketen finala jokatuko dute, zapatuan, Zaldibarko Olazarko zelaian. Azken bost urteetan antolatu du Euskal Western Elkarteak final hori Zaldibarren, eta aurten, 25 zaldizko ariko dira zaldi gainetik ganadua zeinek hobeto gidatu lehian. Goiz eta arratsaldez izango dira saioak.
Modalitate bitan ariko dira finalean parte hartzaileak: zaldizko bakarrak jarduten du Cattle Penning izeneko modalitatean, eta 60 segundotan zazpi txahal hesian sartzean datza ariketa. Hiru zaldiko taldetan jarduten dira, aldiz, Team Penning-ean: hiruko taldetan, 90 segundotan 21 behi hesiratzea lortzea da ariketa horren helburua.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, musikak girotuko du eguna, eta jan-edana eskaintzeko txosna ere atonduko dute Olazar futbol zelaia zegoen lekuan. 10:00etatik 13:00etara izango da hitzorduaren goizeko eskaintza, eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldekoa.