Bost ikastaro, emakumeentzako jabekuntza eskolan

Anboto 2013ko ira. 9a, 12:38

Emakumeen parte-hartzea bultzatzeko eta emakumeak ikustarazteko sareak sortzeko helburuz antolatu dituzte emakumeetzako jabekuntza eskolaren saioak.

Emakumeen parte-hartzea bultzatzeko eta emakumeak ikustarazteko sareak sortzeko helburuz antolatu dituzte emakumeetzako jabekuntza eskolaren saioak. Bost ikastaro eskaini dizkiete herriko emakumezkoei, askotariko gaien ingurukoak. Urritik abendura bitartean egingo dituzte saioak. 

Feminismoari buruzko bi saio eskainiko dituzte Edurne Epelde eta Ana Revueltak. Pentsamendu feminista: ez gara jaiotzen emakume, egin egiten gara izenburuko saioa gidatuko dute urriaren 26an, eta Eraldaketa feminismotik izenburukoa abenduaren 14an. Emakumeen arteko aliantzak sortzeak duen garrantzia aztertuko dute bigarren saio horretan.

Ikastaro luzeagoa (16 ordukoa) izango da, bestalde, urriaren 9tik azaroaren 27ra arte egingo dutena: Ezetz esaten ikasi nahi duzu? izenburukoa. Besteak beste, “zerk eragozten dizu ezetz esatea?” edo “bizitzako zein alorrean duzu ezetz esateko arazo gehiago” bezalako galderak egin eta gogoeta bideratuko du Isabel Santigo irakasleak.

Urritik abendura bitartean egingo dute baita, Olatz Garciak gidatuko dituen txalaparta ikastaroa. Hemezortzi orduko ikastaroa izango da hori, eta eguenetan, 18:00etatik 19:30era, batuko dira parte hartzaileak, Gaztetxean.

Urriaren 15etik 29ra, bestalde, Posta elektronikoa eta Interneten oinarrizko erabilera izeneko ikastaroa ere eskainiko dute Jabekuntza Eskolaren barruan. Ianire Estebanezek jardungo du ikastaro horretan irakasle lanetan, eta 50 urtetik gorako emakumeei zuzenduta antolatu dute. Helbide elektronikoa, nabigatzaileak edota bilatzaileak erabiltzen ikasiko dute, besteak beste.  

Irailaren 23ra arte, udaletxean edo udalaren www.zaldibar.org helbidean eman daiteke Jabekuntza Eskolan parte hartzeko izena. Informazio gehiago behar duenak 946827016 telefonora deituta eskatu dezake.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!