PPko zinegotzia kenduta, udaleko beste hiru alderdietako ordezkariak batu egin ziren atzo, LOMCE legearen kontra herriko hezkuntz komunitateak aurkezturiko mozioarekin bat egiteko.
Espainiako gobernuaren hezkuntza erreformarako aurreproeiktuaren kontra agertu dira Bildu, EAJ eta PSE-EEko Zaldibarko udaleko ordezkariak. Erreforma horrek, besteak beste, "ratioen igoera, ikaslegoaren bereizketa, hezkuntzaren merkantilizazioa, zentru publikoen kudeaketa pribatua, curriculum-aren uniformizazioa, euskara gutxiestea, edota erlijio katolikoaren inposaketa" dakartzala salatu dute, mozio horren alde eginez. Aldeko 8 botu eta kontrako bakarra jaso zituen mozioak.
"Erreforma honekin Frankoren garaira bueltatuko ginateke, eta gainera EAEko gobernuari dagozkion konpetentziak ez errespetatzea ekarriko luke: mozioaren alde egingo dugu, bertan aipaturiko puntu guztiekin ados gaudelako", azpimarratu zuen Nerea Garitonandia EAJko bozeroaleak. Espainiako gobernuaren aurreproiektu hori atzerapauso handia litzatekeela, eta kalitatezko hezkuntza publikoa behar dugula azpimarratu zuen, bestalde, Arantza Baigorri alkateak ere.
Javier Tera PSE-EE alderdiko kideak, mozioa herriko hezkuntzako eragileek bultzaturikoa izatea goraipatu zuen. Izan ere, Zaldibarko Herri Eskolako guraso elkartearen, irakaslegoaren, jantokiko langileen eta hezitzaileen babesagaz aurkeztu baitzuten mozioa, ez ohiko udalbatzarrean, atzo. Hain zuzen, Herri Eskolako irakaslegoaren ordezkaritza batek bertatik bertara jarraitu zuen, atzoko udalbatzarreko mozioaren eztabaida.
Azkenik, bere alderdiak lege proposamen horren alde aurkezturiko hainbat argumentu mahaigaineratu eta mozioaren kontra egin zuen Benito Paco PPko zinegotziak.
Otsailean hasi ziren Zaldibarko Herri Eskolan LOMCE hezkuntza erreformaren kontra mobilizatzen: ordutik, Murrizketarik ez! lemadun kamisetan soinean, barikuro kontzentratu da irakaslegoa. Bestalde, guraso eta irakasleen 200dik gora sinadura ere bildu dituzte, erreforma aurreproiektu hori gaitzetsiz.