Txirrindularitza proba, goatekea eta elkarteen arteko olinpiadak nobedadeen artean

Anboto 2013ko eka. 25a, 13:45

Zaldibarko jaietako egitaraua aurkeztu dute. Berritasun nagusien artean hauek daude: gazte mailako txirrindularien Bizkaiko Bira itzuliko lasterketa bat Zaldibarren hasi eta amaituko da; txopoaren egunean 60ko hamarkadako goatekea egingo dute txosnagunean eta aurten koadrilen arteko olinpiadak zirenak elkarteen artekoak bihurtuko dira; tartean Udaleko talde batek parte hartuko du.

Zaldibarko jaietako egitaraua aurkeztu dute. Berritasun nagusien artean hauek daude: gazte mailako txirrindularien Bizkaiko Bira itzuliko lasterketa bat Zaldibarren hasi eta amaituko da; txopoaren egunean 60ko hamarkadako goatekea egingo dute txosnagunean eta aurten koadrilen arteko olinpiadak zirenak elkarteen artekoak bihurtuko dira; tartean Udaleko talde batek parte hartuko du.

 \"\"

Aurten aurrekontua murriztu beharrean izan direla azaldu dute Rafa Urizar jaien arloko zinegotziak eta Arantza Baigorri alkateak gaur eskaini duten prentsaurrekoan. Iaz udako jaiak eta San Andres jaiak antolatzeko 69.000 euro erabili zituzten; aurten helburu beretarako 55.000 euro bideratu dituzte. 14.000 euro gutxiago beraz.

 

Hainbat nobedade izango dituzte aurtengo jaiek. Uztailaren 4an, eguenean, txopoa jaso ostean Helmuga elkarteak dantzaldi berezi bat proposatuko du: 60ko hamarkadako goatekea. Diskoteka mugikorragaz eta Disco Music DJagaz 60ko hamarkada gaur egunera ekartzen ahaleginduko dira.

 

Uztailaren 5an, barikuan, gazteen mailako Bizkaiko Bira txirrindularitza itzuliko bost etapetako bat Zaldibarren hasi eta amaituko da. Estatutik zein nazioartetik etorritako taldeetan banatuta 180 bat txirrindulari ibiliko dira lehian. Egun berean, gaztetxoentzako parkea atonduko dute eskoletan eta aurten, nobedade lez, 12 urtetik gorakoek paintball-a praktikatu ahalko dute.

 

Uztailaren 6an, zapatuan, herritarren artean ikusmina eragingo duen olinpiadak antolatuko dituzte Euskal Herria etorbidean, txosna inguruan. Aurten koadrilen artekoak barik elkarteen arteko olinpiadak izango dira. Herriko elkarteei zazpiko taldeak sortu eta parte hartzeko gonbita egin diete. Jubilatuen elkarteak eta Castet elkarteak talde bana eratu dute eta Udaleko talde batek (zinegotziak, berdintasun teknikaria, brigadako koordinatzailea…) ere parte hartuko du.

 

Nobedadeekin amaitzeko, zapatuan, sardina eta solomo janaren ostean, erromeria berreskuratuko dute. Aurten Mariskal DJ-k jarriko du musika.

 

Musika eskaintzari dagokionez, barikuan Ezinean eta Eutsi taldeek joko dute txosnagunean. Zapatuan, toki berean, Skakeitan eta Laket taldeak ariko dira zuzenean. Urtero jende asko batzen duen ‘Balkotik Balkoira’ bertso saio berezian, berriz, aurten Jon Martin, Odei Barroso eta Oihane Perea bertsolariak gonbidatu dituzte.

 

 

Kartel lehiaketako irabazleak

 

Aurtengo kartel lehiaketako irabazleen berri ere eman dute prentsaurrekoan. Nagusien mailakoa Ainhoa Zabarte zaldibartarrak irabazi du eta Lola Gomez bigarren geratu da. Gaztetxoen lehiaketa, berriz, Enina Mohammed-ek irabazi du. Aurten nagusietan 12 kartel aurkeztu dituzte eta gazteetan 25, “iaz baino dezente gehiago” Rafa Urizarren esanetan.

 

Nagusien mailako kartel irabazlea: Ainhoa Zabarte

 

\"\"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gazteen mailako kartel irabazlea: Enina Mohammed

 

\"\"

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!