Trantsizioko lehenengo alkatea izan zenak omenaldia jaso zuen zapatuan, Zaldibarren. Balendin Lasuenek hainbat saltsatan jardun izan du gazte-gaztetatik: korala sortu zuen, kultura mugimendua bultzatu, politikan jardun, herriko historia ikertu...
Zapatuan, bere urtegunean, omenaldi beroa jaso zuen Balendin Lasuen zaldibartarrak. Kultura arloan, ikerkuntzan, politikan, herrigintzan... Lan ugari egindakoa da Lasuen. Kontatzeko dituen guztiak ez dira orrialde bateko elkarrizketan sartzen.
Zelako eguna izan zen omenaldikoa?
Ederra. Jende asko, hizlariak ere hainbat, eta ederto irten zuen. Apur bat urduri egon nintzen, baina dena ondo joan zen.
Arlo askotan lan egin duzu, kultura arloan, adibidez.
Zapatuan esan nuenez, pizkunde kulturala izan zen hura. Ni errepublika denborako mutikoa naiz, eta bizi izan nituen dantza taldeak, koruak, antzerkiak... Domeketan etxe gutxitan egoten zen irratia, eta futboleko partiduak entzutera Batzokira joaten ginen. Hori giro hori ezagutu nuen. Zortzi urtegaz hasi nintzen dantzan, eta orduan San Inazio eguna jaiegun handia zen, eta Areetako futbol zelaian lehenengo, eta hurrengo urtean San Mamesen 2.500 dantzari baino gehiago batu ginen. Gerra etorri zenean, akabo, horiek kontuok amaitu ziren. Horregatik esaten dut, pizkunde kulturala. Gerra amaitu eta gero, prestatuta eta ikasketak eginda nengoen, eta 21 urtegaz korala sortu nuen. Konturatu ginen lehenago egin genituenak berriro egiten hasi behar ginela. Korala, korua, dantzariak, antzerkia... Apurka- apurka, urte gutxian ipini genituen denak martxan. Herrietako eta auzoetako jaietara antzerkia egitera eta dantzara joaten ginen, eta giro euskalduna sortzen zen. Oso mugimendu polita sortu genuen.
Frankismo osteko lehenengo alkatea izan zinen. Zelan gogoratzen duzu garai hura?
Aurrekontu arloan-eta, orduan udalak bizi ezinik zebiltzan. Soldata idazkariak bakarrik zeukan, eta aurrekontuak pezetetan hiru milioi-edo izango ziren. Zazpi urte egin nituen alkate, hiru urte lehengo sisteman, eta lau gero, hauteskundeetan aurkeztuta. Hasi eta gutxira, eginda zegoen aurreproiektu bat ipini genuen martxan: Bilbotik Donostiara doan errepidearen azpian pasabide bat egitea. Orduan ere arazoak egoten ziren, eta istripu bat egon zen. Andra bat astoagaz esne saltzen-edo zihoala harrapatu egin zuten, eta txarto egon zen luzaroan. Horregatik, pasabidea segituan egin behar zela pentsatu nuen. Harrezkero, dotore ipinita dago, eskilarak, eta Bilboko metroaren antzeko sarrera ere badaude! Lehengo sisteman, alkateak jaietako meza nagusira aginte makilagaz joan eta beste estilo batean ibiltzen ohituta zeuden, eta gauzak beste modu batera egin gura izan nituen. Jendea hartzeko ordutegi bat ere ipini nuen, hari “konfesionarioa” deitzen nion, eta jendeak ikusi zuen, gauzak beti ez zirela konponduko orduan, baina ahalegina egiten zela.
Frankismoa amaitu berri, giroa berezia izango zen.
Bai. Ni Bergarako Alkateen Elkartean egon nintzen. Arrasateko eta Bergarako alkateek, Elkorok eta Altunak, sortu zuten alkate abertzaleen mugimendua. Bergaran batzen ginen, eta horregatik Bergarako alkateak izena. Gure helburua zen ikurriña ipintzeko baimena lortzea, eta udal hauteskundeak egitea. Biak lortu genituen. Ez zen gugatik bakarrik izango, baina hein batean bai. Hor badago anekdota bat: manifestazio handi bat egin gura izan genuen Bilbon, eta horretarako hango gobernadorearen baimena behar genuen. Irakurri zuen gure eskaria, eta hasi zen trabak ipintzen, “hau ez bazenuten egingo hobe” eta horrelakoak. Halako batean, esan nion ez bazuen iritzia aldatzen obeditu bai, baina esandakoa ez genuela beteko. Azkenean, gobernadoreak ikusi zuen gure zintzotasuna-edo, eta eman zigun baimena.
Jende asko batu zen?
Asko? Jendea desiatzen zegoen aldakuntzaren bat egoteko. Orain ere egiten dira aldakuntzak, baina orduan bat ere ez egotetik demokraziara zen aldaketa! Handik ez dakit zenbat denborara lortu genituen gure helburuak.
Alkate izateaz gainera, batzar nagusietan eta Jaurlaritzan, kultura arloan ere ibili zinen.
Garai politak izan ziren. Aberasteko era bat izan zen, kultura arloa oso zabala delako. Liburuen sariketak, erakusketak, inaugurazioak... Asko ikasi nuen.
Zaldibarko pasadizo eta historia kontatzeko, 30 koaderno egin dituzu. Horietatik baten bat berezia da?
Denak. Egin ditut, ez komeni delako, horrek gauzak gustatu egiten zaizkidalako baino. Antzinako ofizioak eta... Lehen esaten zen andrazkoek ez zutela ofiziorik... Ofizio asko zituzten! Plantxan, garbitzen, arropa konpontzen, amantalak egiten-eta... Nork egiten zituen, bada? Amak! Gure ama jostuna zen, eta etxean 8-10 neska egoten ziren ikasten.
Zure herriari buruz asko ikasiko zenuen...
Bai. Adibidez, beti izan naiz natura zalea. Natura, begiratzeko bakarrik ez, belar motak eta zuhaitzak-eta... Beti eduki dut gauzak ikasteko zaletasuna, eta Zaldibarko zuhaitz kontuak batu nituen koaderno batean. Niretzako hau ez da beharra izan, hau amaiera bako gozamena izan da.
Azken koadernoan zuk egindako marrazkiak batu zenituen.
9 urtegaz hasi nintzen marrazkiak egiten. Gero, 12 urte ingurugaz, gerra denboran, Eibartik etorritako maistra batek marrazketa eskola ipini zuen, eta haregaz lehenengo, eta gero bere gizonagaz ikasi nuen. Gabonetako postalak neuk egiten ditut.