Blues kontzertuak, bazkaria eta entsegu lokalen ate irekien ekitaldia antolatu dituzte aste honetarako. Musikazaleen belaunaldi berriak erakarri gura dituzte Zaldibarko Gari Rock Musika elkartekoek. Lehenengo musika jaialdia antolatu dute, horretarako, ekainaren 13, 14 eta 15erako.
Zapatu gauean kontzertu bat eskaintzeaz harago joan gura izan dutela azaldu digute Iban Berasaluze eta Iñaki Gorrotxategi Gari Rock elkarteko kideek: “Musika jaialdi bereziagoa” antolatu gura izan dute.
Horretara, besteak beste, gazteei bereziki zuzenduta, abenduan inauguratu zituzten lokaletara bisita gidatuak egingo dituzte, ekainaren 13an, 18:00etatik 20:00etara, eta ZZ Blues Band taldeak kontzertua eskainiko du ekainaren 14an. Bazkaria eta 17:30ean Los Galerna taldearen kontzertua izango dira zapatuan, eta Temblores eta AZ/DZ taldeek jardungo dute gauean. “Zaldibarren entzun ohi ez den musika egiten duten taldeak aukeratu ditugu: musika instrumentala egiten du, esaterako, Los Galernak, eta kontrabaxua darabilte Temblores taldekoek”, azaldu du Gorrotxategik.
Lokala, zabalik
Abenduan inauguratu zuten Gari Rock Elkartekoek euren eskuz atondutako entsegu lokala. Intsonorizaturiko gela bi, eta grabaziorako baliabideak dauzkate lokal horretan. Herritar guztiak gonbidatu gura dituzte azpiegitura hori baliatzera: zaldibartarrak elkartera gerturatzeko antolatu dute, hain zuzen, I. musika jaialdia.
Duela zortzi urte inguru utzi zigun udalak lokala. Berori atontzeko proiektuen aurrekontuak eskatzen hasi ginen, baina ezin genuen horrenbeste ordaindu. Hiru-lau urte pasatu zirenean, obra geuk egitea pentsatu genuen: elkarteak aurreztuta zeukan diruagaz eta lan handiagaz, lau urtean egin dugu obra osoa.
Jende berria erakarri gura duzue entsegu lokaletara eta elkartera, ezta? Bai, izan ere, abenduan inauguratu genuenetik, ez da jende berririk, gazterik, hurreratu. Leku oso aproposa da hau musika egiteko, eta jendeak ezagutzea gura dugu.
Ez dabil gazterik Zaldibarko musika mugimenduan ala? Badabiltza 20-22 urteko sei lagun inguru, baina gehiago erakarri gura ditugu. Esaterako, bateria ikastaro bat eskaini dugu horretarako, eta zortzi lagunek parte hartu dute. Irailetik aurrera gitarra ikastaro bat egin gura dugu.
Zer helburu dauzkazue Gari Rock elkartean? Urtean doako hiru-lau rock kontzertu antolatzea ere bada gure asmoa. Zaldibartarrei entseatzeko lokal bat eskaintzeaz aparte, beste proposamen batzuk ere badauzkagu: ikastaroak antolatzea, etab. Proposamenak entzun eta ahal bada, gauzatu gura genituzke. Jendeak parte hartzea behar dugu horretarako. |