Zapatuan, 89 urte beteko dituen egunean jasoko du, Balendin Lasuenek herrikideen omenaldia. Besteak beste, idazle, ikertzaile, politikari, edo musikari legez, kulturari lotuta eta "nekerik barik musutruk bizi osoan herriaren alde egindako lana" eskertuko diote.
Herrikideak, eta jorratutako arlo guzti horietan Lasuenen aldamenean egondakoak batuko dira zapatuko Zaldibarko omenaldian. Besteak beste, Arantza Baigorri alkateak, Labayru Ikastegiko Ander Manterolak, Eusko Ikaskuntzako Jose Mari Velez de Mendizalek edota Gerediaga elkarteko Nerea Mujikak hartuko dute ohorezko aurreskuaren ostean berba. Balendin Lasuen omenduaren mintzaldiak itxiko du berbaldien tartea. 1945an sortu zuten eta ia lau hamarkadaz Balendin Lasuen zuzendari izan zuen Koralaren emanaldiagaz amaituko da ekitaldia.
Oso gazterik, 1932an ekin zion Balendin Lasuenek Zaldibarko kultur dinamizazioari: antzerkiari zein musikari lotuta jardun zuen. Frankismo osteko lehenengo alkatea izan zen, eta herrigintzan zein kulturgintzan jardun du bizitza guztian. Besteak beste, Herriko kondairak izenburuko 30 liburuxkatan idatzita utzi ditu Lasuenek, Zaldibarko historiako hainbat pasadizo. Azken urteotan ere herri historia ikertzen jarraitzen du Balendin Lasuenek, nekaezin.