Udal gobernuko Bilduko sei zinegotzien eta PPko zinegotziaren aldeko botoekin onartu zuten atzo 2013rako udal aurrekontua. Inbertsio errealetarako 51.000 euro baino ez ditu aurreikusten
Aurten, Zaldibarko Udalean 3.174.000 euroko diru sarrera-irteerak egingo direla aurreikusten du aurrekontu horrek. Iazkoagaz alderatuta, ia %10 altuagoa da aurrekontua, baina gobernu taldeak azaldu duenez, “haurreskola eta urte biko umeentzako eraikina egiteko Eusko Jaurlaritzak eta EEEk emandako dirulaguntzak” dira gehikuntza horren eragileak.
Aitor Arizmendiarreta Ogasuneko zinegotziak esan duenez, “diru sarreren jaitsiera” da 2013rako Zaldibarko udal aurrekontuaren punturik aipagarriena: diru sarreretan 280.000 euro gutxiago izango dutela aurreikusi dute. Gobernu taldearen arabera, Bizkaiko Foru Aldunditik 167.000 euro gutxiago jasoko du udalak aurten, eta Bilduren berbetan, “horrek zuzen-zuzenean eragiten dio zerbitzuei eusteko egiten ari garen ahaleginari”. Horrela, inbertsio errealen atalean 51.000 euro baino ez dituzte aurreikusi; gaur egun haurreskolan erabiltzen duten aurrefabrikatutako eraikinaren alokairurako 25.000 euro, eta urteko ohiko hainbat gasturako gainerakoa.
Haurreskolako obrak
Haurreskolako eta urte bikoentzako eraikina egiteko udalak aurten egingo duen milioi bat euroko inbertsioa ez da ageri eguaztenean onarturiko udal aurrekontuen inbertsioen atalean; Arizmendiarreta zinegotziak azaldu duenez, obra hori iazko aurrekontuaren soberakinagaz finantzatuko dutelako. Aste gutxi barru, gai hori lantzeko udalbatzar bat deituko dutela adierazi du Arizmendiarretak.