"Gu kanpoko teknikariak gara; zaldibartarrak dira Zaldibarren adituak"

Anboto 2013ko api. 27a, 08:28

Zaldibar zelan dagoen, zelan aldatu den... Herriari buruz hausnartzeko aukera izango dute zaldibartarrek, Plan Orokorra berridazteko prozesuan. Hiria kolektiboko profesionalen laguntza izango dute. Hainbat arlo lantzen dituzte: arkitektura, soziologia, ekonomia, artea...

 

Zaldibar zelan dagoen, zelan aldatu den... Herriari buruz hausnartzeko aukera izango dute zaldibartarrek, Plan Orokorra berridazteko prozesuan. Hiria kolektiboko profesionalen laguntza izango dute. Hainbat arlo lantzen dituzte: arkitektura, soziologia, ekonomia, artea...

 

Etxeak eraikitzea, industriaguneak egitea, errepideak... Hirigintza berba entzuterakoan, halakoak etortzen dira gogora...

Koldo Telleria: Hori izan da askotan orain arte egin dena, eta uste dugu oso jende gutxiren artean egin dela. Hirigintzak, herrigunetik aparte, gainera, landagunea ere hartu behar du. Azken finean, plan orokorra ez da bakarrik etxeak egitea, bizimodu bat aukeratzea da. Norantza joango den herria, zer helburu izango dituen hemendik hamar urtera herriak...

 

Orain arte, helburu ekonomikoetan pentsatu da batez ere, eta gauza asko hartu behar dira kontuan.

Amaia Albeniz: Hirigintzak bizitzagaz dauka zerikusia, bere alor guztietan. Etxeak egiteko moduak zerikusia dauka elkarbizitza ereduan; plaza inguruetan egin edo bananduta, hartu- emanak desberdinak izango dira. Horregatik diziplina askotako jendea gaude, ahalik eta esparru gehienak kontuan hartzeko.

 

Orain arte, hainbat zaldibartar elkarrizketatu dituzue. Zelako informazioa jaso duzue?

K. T.: Askotarikoa eta lehen eskukoa. Gu, azkenean, kanpotarrak gara, eta teknikariak. Ikusten ari gara herrian zer zati desberdin dauden, auzo asko dago, orokorrean, zaldibartarra izatearen sentimendu handia dago... Ari gara ikusten zer kolektibo dauden Zaldibarren, denek parte hartzea gura dugulako. Elkarrizketekin jarraitzen dugu oraindik.

 

Lehenengo tailerra zapatuan egingo duzue: beroketa tailerra. Zer izango da?

A. A.: Alex Carrascosa artistak gidatutako dinamika batzuren bidez, norbanakoen interesen eta interes kolektiboen hartu-emana landuko da. Lan ludikoa da, arte plastikoen bidez egitekoa.

K. T.: Dialogo berriak sortzen ahaleginduko gara zapatuan. Euskal Herrian, orokorrean, gatazka asko izan ditugu, eta beste elkarrizketa batzuetarako bidea zabaltzeko lana egin du Alex Carrascosak.

 

Berba egitea eta hausnartzea izango da lehen pausoa orduan?

K.T.: Prozesua Zaldibar eitten deitzen da. Lehen blokea Zaldibar berba eitten izango da; herria zelan dagoen eta herritarrak zelan bizi diren jakiteko. Bigarren blokea, Denon Zaldibar eitten; denon artean erabakiko dugu zeintzuk diren gabeziak, lehentasunak...; eta hirugarrena Zaldibar ereitten, erabakiak hartu, eta erabaki den hori guztia herritarrekin kontrastatzeko.

 

Herritarrak gai horietatik urrun sumatzen dituzue?

K.T.: Harrigarria da elkarrizketetak egitera joan eta esan digutela, “nik ez daukat ezer esateko”, eta ordu beteko elkarrizketa egin, eta informazio piloa jaso gero. Jendea ez da kontziente bere egunerokotasuneko bizipenek zenbaterainoko garrantzia duten. Zaldibarren izan dituzten esperientziak batzea ezinbestekoa da. Gertatzen da ,gaurdaino ez dela egin. Guk ezagutzak badauzkagu, baina zaldibartarrak dira Zaldibarren adituak. Jakituria handia dute, eta hori gurekin konpartitzea gura dugu. Ahalik eta jende desberdin gehien etortzea nahiko genuke, norbanakoak eta elkarteetako jendea.

A.A.: Ikusi behar dute, orain arte egindakoa norbaitek erabaki zuela garai batean, etorkizunerako zer gura den herritarrek eurek esan behar dutela.

Hiria kolektiboko lanetan genero ikuspegia ere lantzen duzue.

A.A.: Genero ikuspegia, edo berdina dena, eguneroko bizimoduari buruz berba egitea. Orain arte, ekonomiak eta lan produktiboak eduki du garrantzia hirigintza kontuetan, eta lehentasunak aldatu behar dira. Urte askoan trafikoa ordenatzeko ahalegina egin da, eta burukomin handia eman du horrek; ez da kontuan eduki oinezkoak zelan mugitzen diren, gurpildun aulkiak pasa daitezkeen... Ekonomia baino, pertsonak ipini behar dira prozesuaren zentroan. Horregatik, zenbat eta parte-hartze anitzagoa egon prozesuan, orduan eta gai gehiago jorratuko dira.

K.T.: Landa inguruan ere berdin gertatzen da, ekonomikoki garatu da, eta sentsibilitate afektiboa edo harreman asko apurtu dira lurrarekin.

 

Udal askotan, urte askoan egoten dira plana berriztu barik. Errebisio bat egitea, zer neurrira arte da garrantzitsua?

A.A.: Plan orokorra asmoen adierazpen moduko bat da: hemendik joan gura dugu. Gero, gauza puntualak egin beharko dira, baina helburuak ipintzea da kontua.

K.T.: Modifikazio txikiak egiten dituzte askok, epe luzeko perspektiba barik. Ez badaukazu plan orokorrik, erabakiak ez dira “egingo dugu hau lortzeko gizartearekin edo inguruarekin beste harreman bat”. Garrantzitsua da helburuetako bat izatea herria zelakoa izango den. Bihar, zapatua, 11:00etan izango da lehen saioa frontoian. Informazio gehiago: zaldibareitten.com atarian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!