Hiri-antolamendurako plana herritarren ekarpenekin berrizteko

Anboto 2013ko api. 17a, 13:11

\'Zaldibar eitten!\' izeneko prozesua aurkeztu dute udaletxean, gaur. Arantza Baigorri alkaketak, Rafa Urizar zinegotziak, eta prozesua dinamizatuko duen Hiria Kolektiboko Koldo Telleria eta Flor Savanti teknikariek luzatu diete herritarrei Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren parte-hartze prozesuan jarduteko gonbitea

\'Zaldibar eitten!\' izeneko prozesua aurkeztu dute udaletxean, gaur. Arantza Baigorri alkaketak, Rafa Urizar zinegotziak, eta prozesua dinamizatuko duen Hiria Kolektiboko Koldo Telleria eta Flor Savanti teknikariek luzatu diete herritarrei Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren parte-hartze prozesuan jarduteko gonbitea.

 

Koldo Telleriak azpimarratu duenez, urtebete iraungo du Hiri-antolamendu plan orokorra berrizteko prozesuak, eta datorren astean abiatuko dute: Zaldibarko lurzoru guztia zelan antolatu erabakitzea da prozesuaren helburua.

 

Hogei laguneko arkitektu, ingeniari, soziologo, anbientalista, eta antropologo taldeak bideratuko du prozesu guztia. Telleriaren berbetan, "Jakintza teknikoa da guk daukaguna, baina herritarren ekarpenekin hori aberastea behar dugu: guk baino jakintza askoz zabalagoa dute zaldibartarrek eguneroko bizitzari buruz, eta bi jakintza horiek uztartu behar direla uste dugu".

 

Hain zuzen, "orain arte bezala, zelako herria gura dugun teknikari baten esku utzi barik, denon artean hartu  erabakitzea da asmoa", azpimarratu du Arantza Baigorri alkateak. "Gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi gura dugu", dio Baigorrik. Gobernu taldea zabaldutako prozesuagaz oso ilusionatuta dagoela gehitu du Rafa Urizar zinegotziak.

 

Hiru ardatzen inguruan jardungo dute datorren astean abiatuko duten parte hartze prozesuaren lehengo fasean: hirigintzari gaiei, gai sozio-ekonomikoei, eta ingurumenagaz loturiko gaiei buruz. Proposamenak egiteko unea zabalduko dute bigarren fase batean; eta herri kontsulta burutuko dute azkenengo fasean.

 

Apirilaren 25ean egingo dute ekimenaren aurkezpena: prozesuaren helburuen berri emango dute bertan, eta zelan bideratuko duten ere azalduko dute, besteak beste. Hitzordu horretara bertaratu eta "Zaldibarren etorkizunean aktiboki parte hartzeko" proposamena luzatu diete herritar guztiei. Aurkezpenean azaldu dutenez, www.zaldibareitten.com webgunean ipiniko dute prozesuagaz loturiko informazio guztia herritarren eskura.

 

Azterketa etnografikoa

Flor Savanti eta Koldo Telleriak azaldu dutenez, "herriaren etnografia txiki bat burutzeko", hainbat herritarrekin elkarrizketak burutu dituzte \'Zaldibar eitten\' abiatu orduko, azken asteetan. Esan dutenez, elkarrizketatu dituzten zaldibartarrek asko eskertu dute euren iritziak kontuan hartzea. Savantiren berbetan, "herriaren historiari buruzko gauza asko irakatsi dizkigute zaldibartarrek; ohartu gara baita, herri izaera sentimentu oso errotua daukatela zaldibartarrek".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!