Udaleko lau alderdiek aho batez bozkatu zuten hitzarmena lotzearen alde.
Udalak batzen dituen zuzeneko zergak modu eraginkorragoan betearazteko helburuagaz lotu du Zaldibarko Udalak Bizkaiko Aldundiagaz lankidetza-hitzarmena. Udaleko lau alderdiek bozkatu zuten hitzarmen hori sinatzearen alde, martxoko ohiko udalbatzarrean.
Arantza Baigorri alkateak udalbatzar horretan azaldu zuenez, “Ogasuneko datuak ere eskura dauzkanez, zergak betearazteko udalak baino eskumen handiagoa dauka Aldundiak”. “Batzuetan udalak ez du izaten ordaintzen ez dutenak harrapatzeko modurik, eta uste dugu oso beharrezkoa dela hitzarmen hau”.
Dagozkien zergak ordaintzen ez dituzten herritar eta enpresei dagokiena ordaintzeko eskatzeko eskutitza bidali ohi du udalak, eta zenbaitetan zerga epeka ordaintzea eskatzen dute herritarrek. Beste kasu batzuetan, baina, dagozkien zergak ordaindu barik “desagertzen” dira udalaren zordunak.
Udalean azaldu dutenez, 2011n esaterako, 30.000 euro utzi zituen udalak kobratu barik. Gehienak 100 eta 200 euro arteko zorrak ziren, baina enpresa batek 6.000 euro arteko zergak ordaintzeke dauzka.
%1 Aldundiari
Aldundiak eskura daukan norbanakoen diru kontuen informazioa baliatuta, udalak lokalizatu ezin dituen norbanako horiei dagokien zerga ordainaraziko die Aldundiak. Horrela jasotzen du erakunde biek adostu duten hitzarmenak. Kobratzea lortzen duen kopuru bakoitzaren %1 jasoko du Aldundiak. Asteon bidali dute Zaldibarko alkateak sinaturiko hitzarmenaren alea Bizkaiko Aldundira, eta gutxi barru izango da indarrean.