Nafarroako Rural Kutxak egingo du salmenta. Aho batez onartu zuten martxoko udalbatzarrean prezio tasatuko etxebizitzen erosketari uko egitea.
Aho batez onartu zuten martxoko ohiko bilkuran udalak prezio tasatuko etxebizitzen erosketari uko egitea. Izan ere, erakunde publikoek eduki dute etxebizitza horiek eskuratzeko lehentasuna. Jose Andres Urizar Hirigintzako zinegotziak azaldu duenez, eskola ondoko prezio tasatuko 17 etxebizitza dira oraindik saldu barik daudenak, eta Nafarroako Rural Kutxak egingo du salmenta.
Urizarrek azpimarratu duenez, baina, “eskatzaileek orain arte bezala bete beharko dituzte etxebizitza tasatuen ordenantzaren baldintzak”. Besteak beste, ezingo dute gainditu ordenantzak zehazten duen urteko errenta. Logela bat, bi eta hiruko etxebizitzak dira Kurutzezar kaleko hauek: 105.000 eta 180.000 euro bitartekoak. Etxebizitzetako bat eskuratu gura dutenek udalean egin beharko dituzte, orain arte bezala, euren eskariak.