Udalak batzen dituen zergak modu eraginkorragoan betearazteko helburuagaz lotuko du Zaldibarko Udalak Bizkaiko Aldundiagaz lankidetza-hitzarmena. Udaleko lau alderdiek onartu zuten hitzarmen hori sinatzea .
Arantza Baigorri alkateak azaldu zuenez, "Ogasuneko datuak ere eskura dauzkanez, zergak betearazteko eskumen handiagoa dauka Bizkaiko Aldundiak, eta udalak batzuetan ez daukanez ordaintzen ez dutenak nola harrapatu, beharrezkoa da hitzarmen hau".
Lau mozio mahai gainean
Gobernu taldeak plenora eramandako lau mozio ere eztabaidatu zituzten Zaldibarko atzoko udalbatzarrean. Mozio horiek jorratzen hasi orduko, "aurrerantzean mozio politikoak eztabaidara ekartzen direnean, pleno aretotik aterako gara PSEko ordezkariok", iragarri zuen Javier Tera PSEko zinegotziak: "Honelako idatziek bakoitza bere jarreretan trabatzea besterik ez dakarte, eta uste dugu udalgintzako gaietan zentratu behar genukeela". Pleno aretotik atera ziren PSEko zinegotzi biak.
Horrela, PSEko zinegotzi bien parte hartzerik barik landu zituzten gainontzeko alderdiek Parot doktrinari, eta "Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren Euskal Plataformari buruz" Bilduk aurkezturiko mozioak. "Oinarrizko giza eskubideen kontrakoa delako, Parot doktrina legez ezagutzen dena indargabetzea" eskatzen duen mozioaren alde Bilduk alde bozkatu zuen, abstenitu egin zen EAJ, eta gaiari buruzko bere idatzia irakurrita, kontra bozkatu zuen PPko zinegotziak, eta bozketan ez zuen parte hartu PSEk.
Argentinan Frankismoaren krimenen kontra abiatu duten kereila sostengatzea proposatzen zuen Bilduk aurkezturiko bigarren mozioak, eta Bilduren eta EAren aldeko bozkekin onartu zuten. Frankismoaren krimenak epaitzeko zabaldutako bideagaz bat egitearen kontra bozkatu zuen PPk: "Ados nago sufrimendua baino ekarri ez zuen historia hori ez errepikatzea denon ardura dela, baina ezin dut ulertu 80 urte geroago zergatik egin behar dugun honetaz berba", esan zuen Benito Paco zinegotziak. PSEk ez zuen gaiaren eztaidan eta bozketan parte hartu.
Etxe kaleratzeak
PSEko zinegotzi biak euren aulkietara bueltatuta, bestalde, Durangoko udalean alderdi guztiek aho batez onartu zuten mozioan oinarrituta adosturiko etxe kaleratzeei buruzko mozioa ere onartu zuten udalbatzar horretan. Besteak beste, "etxebizitza edukitzeko herritarrek duten eskubidea babestu, eta Espainiako Gobernuak eta bankuek gai horren aurrean duten jarrera salatzen du" idatzi horregaz Zaldibarko Udalak.
"Etxetik kaleratu dituzten edo horretarako arriskuan dauden herritarrei informazioa eta babesa emateko konpromisoa" hartu du Zaldibarko Udalak.Besteak beste, eta mozioak dionez, telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat ipiniko dute egoera horretan daudenen zerbitzura.
Etxe kaleratzeei buruzko idatzian "esaten denagaz ados egon arren" abstenitu egin zen PP, eta mozioagaz bat egin zuten Bilduk, EAJk eta PSEk.