“Azken hilabeteak proiektu hau aurrera atera nahian eman ditugu, eta zorionez, udalak badauka eskolaren proiektua aurten garatzeko dirua”, iragarri du Arantza Baigorri alkateak.
Lanen hasiera atzeratu duten hainbat gertakariren ostean, proiektua udalaren iazko aurrekontuaren soberakinagaz ordainduko dutela azaldu dute Bilduko ordezkariek. Iazko aurrekontuaren likidazioa eginda, eta “udalaren dirua berreskuratzeko lan handia egin eta gero”, 800.000 euro proiektu honetara bideratzeko moduan dagoela azaldu du gobernu taldeak: Arizmendiarrieta zinegotziak azaldu duenez, “enpresek udalari zor zioten dirua da soberakinean batutakoa”.
Haurreskola berriaren, bi urteko umeentzako eraikinaren, eta biomasako galdara berriaren lanak irailerako amaituta edukitzea gura du udalak. Horrenbestez, lan batzuk ahal bezain laister hasiko dituzte, eta umeen udako oporretan burutuko dute “obra handiena”.
Urgari enpresaren haurreskolarako Ederto proiektua berrartu eta gauzatuko duen enpresaren esleipen prozesua abiatuko dute berriro. Proiektu horretan aldaketa bat egingo dutela aurreratu du gobernuak: lau gela barik hiru izango ditu.