Arkitekto eta aholkulariaren dimisioa eskatu du EAJk

Anboto 2013ko ots. 9a, 08:15

Eztabaida bizia sortu zuen haurreskolako lanen egoerak, udalbatzarrean. Udal arkitektoaren eta hirigintza aholkulariaren dimisioa eskatu du EAJk

Eztabaida bizia sortu zuen haurreskolako lanen egoerak, udalbatzarrean. Udal arkitektoaren eta hirigintza aholkulariaren dimisioa eskatu du EAJk.

 

Joan zen egueneko udalbatzarreko galdera eta eskarien tartean atera zuen EAJk eskolako obraren gaia. Gobernu taldeari kudeaketa “oso txarra” egotzi eta udal arkitektoaren eta hirigintza aholkulariaren dimisioa eskatu zuten jeltzaleek. Batzar aretoa bete-beteta egon zen, eta ordu erdi inguruan jardun zuten Bilduko eta EAJko ordezkariek gaiari buruz eztabaidan.

 

Joan zen udaberrian Espainiako gobernuak ezarri zuen Aurrekontuen Orekarako Legeak behartuta, haurreskola egiteko prozesu guztia azkartu egin behar izan zuen Bilduk. Abendutik aurrera soberakina zorrak kitatzera bideratzera derrigortzen ditu lege horrek udalak, eta beraz, haurreskolako lanak aurreikusi bezala soberakin horregaz ordaintzerik ez du izango udalak.

 

Abendua ailegatu zen, eta Arantza Baigorri alkateak asteon azaldu duenez, “Jaurlaritzaren dirulaguntza, URA Agentziaren txostena, dirua, eta aurrekontuan sartzen zen enpresa bat bageneuzkan ordurako”.

 

Obraren lizitaziora, baina, ez zen enpresarik aurkeztu. Lizitazio prozesu horren kontra helegitea aurkeztu zuen EAJk, “irregulartasuna” salatuta. Lizitazioan akats administratibo bi egin izana onartu du gobernu taldeak: “Horrela ezin genuen aurrera egin, eta horregatik ez dugu lortu gauzak epe barruan egitea”, dio alkateak.

 

Irtenbide bila

Geldi dago haurreskolaren proiektua. “Baina ez ahaztuta”, alkatearen berbetan. Aldundiagaz eta Jaurlaritzagaz irtenbidea bilatzen dihardute, alkatearen berbetan. Iazko aurrekontuaren likidazioa jakin arte, “hamar egun barrura arte, ezin dugu pausorik eman”, dio.

 

Udalaren 900.000 euroko inbertsioa eskatuko duen eskolako proiektua berriro lizitaziora ateratzea da udal gobernuaren asmoa. Proiektua zelan finantzatu aztertzen dabiltzala dio alkateak: “Azken atea itxi arte, egin beharrekoa egingo dugu eskolako proiektua aurrera ateratzeko, izan ere, arazoa gero eta handiagoa da: Lehen Hezkuntzako eraikinean ere espazio arazoak izango ditugu laster”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!