Bilduko sei zinegotzien aldeko bozkekin onartu zuten udaletxean Espainiako bandera ipintzeko aginduaren kontrako mozioa. Abstenitu egin ziren EAJ eta PP, eta kontra bozkatu zuen PSEk.
Herrian zinegotzi izandako eta egun udal ordezkari diren 21 lagunek sinatuta duten adierazpena aurkezteko ez-ohiko udalbatzarra deitu zuen Bilduko udal gobernuak, atzo. Oposizioko alderdiak gaia urgentziagaz lantzeko beharraren kontra agertu ziren arren, gobernu taldeko sei zinegotzien gehiengoak ahalbidetu zuen gaia eztabaidatzera ateratzea.
Besteak beste, mozioak jasotzen dituen honako puntuak onartu ditu, Zaldibarko Udalak: "Espainiako gobernuari, PSOEri eta PPri eskatzea zaldibartar eta euskal hiritar gehienon eskubidea errespeta dezatela ordezkari gisa ikusi nahi ditugun sinboloak eraiki ditzaten libreki". Espainiako gobernuari gutuna bidaliko dio Zaldibarko Udalak, "inposizio honen aurrean desadostasuna adierazteko". Bestetik, herritarrei, alderdi politikoei eta giza eragile guztiei dei egin diete, "ikurriña leku guztietan" ipini, eta bihar 12:00etan udaletxeko plazan burutuko duten kontzentrazioan parte hartzera.
Carmen Sampedro Bilduko zinegotziak irakurri zuen mozioa, eta bere bozka azaldu zuen, ondoren, alderdi bakoitzak: "Mozioagaz bat egiteko proposamena, prentsaurrekoan barik udal batzordeetan egin behar zen", adierazi zuen Nerea Garitagoitia EAJko bozeroaleak. Arantza Baigorri Bilduko alkateari zuzenduta, "honetarako ez genuen behar ia 3.000 euroko gastua ekarri digun ilegalitatea burutzea", kritikatu zuen PSEko Javier Terak. Udaletxean Espainiako bandera ipintzea ez dela "inposizioa", bere ustez "legea" dela esan zuen Terak: "Beste leku batzuetan ez da gerra bat gertatu bandera batengatik".
Benito Paco PPko zinegotziak, Zaldibarko udaletxean Espainiako bandera ipintzeagaz erabateko adostastasuna agertu zuen: "Uste dut sinbolo nazionala udaletxe guztietan egon beharko litzatzekeela". Espainiako banderagaz batera ikurriña eta Europako Batasuneko bandera egon beharko litzatzekeela ere esan zuen Pacok.