Etxe guztietan banatu dute 2013ko udal aurrekontuei buruzko inkesta.
Datorren urteko udal aurrekontua osatzeko oinarri legez hartuko ditu Bilduren udal gobernuak, inkesta horren bitartez jasotako iritziak. Hainbat inbertsio proposamen jasotzen ditu inkestak, eta bertan markatuko dituzte herritarrek zeintzuk diren, euren ustez, lehentasunak.
Abenduaren 5era arte bete ahal izango dituzte zaldibartarrek inkestok, eta herrian zehar ipinitako buzoietatik jasoko ditu udalak. Udaletxean, eskola sarreran, plazan edota Eitzaga eta San Andres auzoetan ipiniko dituzte. Behin inkestaren emaitzak ezagututa, batzar irekia deituko dute urtarrilean, herritarren lehentasunen eta udalaren egoera ekonomikoaren berri emateko.
Herriguneko eta auzoetako batzarretan jaso zituzten iaz, herritarrek aurrekontuen inguruan zituzten ekarpenak. Arantza Baigorri alkateak esan duenez, “herritarren parte-hartzean sakontzeko eta jende gehiagorengana heltzeko”, aldatu dute metodologia aurten. “Etxe guztietara helduko da inkesta, eta iritzia ematea erraztuko diegu herritarrei”, gehitu du Rafa Urizar zinegotziak.