Herriko hamaika elkarteren laguntzagaz antolatu dute egitaraua. Eguenean botako dute txapligua.
Azaroaren 29an, 19:00etan botako dute San Andres jaien hasiera iragarriko duen txapligua. Helmuga emakumeen elkarteak urteetan egin duen lana eskertzeko, eurei egin die aurten proposamena. Udaletxeko balkoitik botako dute txapligua, eta ondoren, azken urteetan bezala, kalejira egingo dute Koral elkarteko trikitilariekin.
Horren ostean, jaiak gozatzeko hainbat ekintza izango dira azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an, goiz zein arratsaldez.
Herriko hamaika elkarteren laguntzagaz antolatu dute egitaraua. Rafa Urizar zinegotziak esan duenez, “lan itzela egiten dute elkarteek, beti daude laguntzeko prest: udalak bakarrik ezin du honelako egitaraua antolatu”.
Txapligua bota aurretik hasiko da, baina, jai egitaraua. Arku Tiro taldeak antolatuta, esaterako, San Andres txapelketa egingo dute azaroaren 25ean, kiroldegian, 08:00etatik 15:00etara.
Artisautza azoka
Durangaldeko 14 artisauren lana erakusgai eta salgai ipiniko dute, abenduaren 1ean. Goiz eta arratsaldez egongo da azoka zabalik, eta nahi duenak, artisautza tailerretan parte hartu ahal izango du.
Azaroaren 30ean, umeentzako parkea egun osoan egongo da zabalik. Zaldua mendi taldeak, berriz, umeentzako eskalada eskola eskainiko du abenduaren 1ean, rokodromoan.
Ilargi argazki taldearen lehiaketara aurkezturiko lanak jaiek iraun bitartean egongo dira ikusgai, udaletxe zaharrean.
Gaztetxean,kontzertua eta bazkari herrikoia antolatu dituzte, besteak beste. Abenduaren 2an, Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketaren finala jokatuko dute jaien barruan.