Hamar elkarrizketatik bitan euskara darabilte zaldibartarrek

Anboto 2012ko aza. 8a, 08:50
Gazteak dira kalean euskara gehien egiten dutenak: % 28k erabiltzen du

 Gazteak dira kalean euskara gehien egiten dutenak: % 28k erabiltzen du.

 

Soziolinguistika Klusterrak 2011n burutu duen euskararen kaleko erabilerari buruzko ikerketaren emaitzak kaleratu ditu. Zaldibartarren kaleko elkarrizketetatik zenbat diren euskaraz, haurren presentziak helduen hizkuntza ohituretan eragiten duen... Horien antzeko galderak erantzuteko batu ditu Soziolinguistika Klusterrak datuak, eta eskuartean dauzkate dagoeneko emaitzak udalean.

 

Kaleko hamar elkarrizketatik bi euskaraz dira, Zaldibarren: dakitenen erdiak erabiltzen du euskara. 


EUSKARAREN ERABILERA

  • % 48,9k daki euskaraz
  • % 21,7k erabiltzen du

Erabilera adin taldeen arabera

    • Umeen % 23,6k
    • Gazteen % 28,3k
    • Helduen % 20,6k
    • Adinekoen % 18,4k

Sexuaren arabera

    • Emakumeen
      % 23,6k
    • Gizonezkoen 
      % 19,2k

Haurren presentziaren eragina

    • Haurren artean
       % 9,6k
    • Haurrak mintzakide % 30,3k
    • Haurrik ez badago  % 18k

Gazteen eta umeen arteko elkarrizketetan batu dituzte daturik adierazgarrienak: gazteen arteko elkarrizketen % 28 da euskaraz. Arantza Baigorri alkateak ere azpimarratu du, “orain lau urte bezala, gazteak dira  Zaldibarren euskara gehien hitz egiten dutenak”. Orain lau urte euskararen kaleko erabileraren azterketa egin zuten, eta datuek erakusten dutenaren arabera, orduan umeak zirenetariko askok, euren artean euskaraz egiteko hautua egin dute gaztaroan. Izan ere,  duela lau urte egin zuten azterketak erakutsi zuenez, oso ume gutxik egiten zuten euskaraz. 2011n egindako azterketaren arabera, ume horietariko batzuek euren hizkutza ohiturak aldatu dituzte, eta euskara aukeratu.“Oso pozgarria da hori”, Baigorriren berbetan. 

 

Datu kezkagarria

Umeen arteko erabilerarena da beste datu oso deigarri bat. Negatiboa, baina, kasu honetan: ume oso gutxik egiten dute euren artean euskaraz (umeen arteko elkarrizketen % 9,6 da euskaraz).

 

Eskolako guraso elkartean ere kezkagarritzat jo dute datu hori, eta umeek euren artean euskaraz egin dezaten zer egin daitekeen pentsatzen hasi dira.

 

Euskara Biziberritzeko Plan berria diseinatzeko prozesua abiatu dute Zaldibarren, eta euskararen normalizazioan datozen urteetan egin beharreko lana finkatzeko baliagarria izango da Soziolinguistika Klusterraren azterketa hau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!