Arrietak hasieran hartutako abantailari eutsi zion. Albarado eta Tabarrek, aldiz, azken txanpan erabaki zuten kanporaketa.
Zaldibarko XXV. Olazar Pilota Txapelketako final laurdenetara sailkatzea lortu dute Arrieta markinarrak lau t’erdian, eta, Albarako arabarrak eta Tabar nafarrak binaka. Arrietak Etxaniz gipuzkoarraren kontra jokatu zuen. Markinarra 10-0 hasi zen irabazten, batez ere sakeari esker. Gero, Etxaniz jokoan sartu eta markagailuan hurreratu egin zen (12-8). Segidan, Arrietak berriro ere aldea hartu eta partida ia erabakita utzi zuen (18-10). Etxanizek ez zuen amore eman eta azken unera arte saiatu zen, baina Arrietak ondo kudeatu zuen hasieran lortutako aldea (22-16).
Albaradok eta Tabarrek 22-18 menderatu zituzten Mendinueta eta Perez bikote arabarra. Neurketa parekatua izan zen azken txanpara arte. Mendinueta eta Perez jotzaileago azaldu ziren, baina tantoak erabakitzeko orduan Albarado eta Tabar trebeago aritu ziren eta hortik joan zen partidua. Edozelan ere, emozioz betetako partidua jokatu zuten laurek. Horren erakusgarri da partiduan zehar egondako berdinketa kopurua (1-1, 2-2, 3-3, 8-8, 10-10, 11-11, 12-12, 13-13, 16-16, 17-17 eta 18-18).
Datorren eguenean final zortzirenetako beste partidu bi jokatuko dituzte. Binakakoan Igor Azpiri eta Jon Landaburu elorriarrek Beitiaren eta Galarzaren aurka jokatuko dute. Lau t\'erdian Jauregi eta Oronoz neurtuko dira. Partiduak 21:30ean hasiko dira Zaldibarko kiroldegian.