Haurreskolako eraikin berriaren proiektuagaz aurrera

Anboto 2012ko urr. 9a, 09:11

Haur hezkuntzako eta Haurreskolako eraikin berriaren proiektuaren hasierako onarpena egin zuten joan zen barikuko udalbatzarrean. Bilduko udal gobernuko zinegotziek bozkatu zuen alde, kontra EAJk eta PPk, eta abstenitu egin zen PSE-EE

Haur hezkuntzako eta Haurreskolako eraikin berriaren proiektuaren hasierako onarpena egin zuten joan zen barikuko udalbatzarrean. Bilduko udal gobernuko zinegotziek bozkatu zuen alde, kontra bozkatu zuten EAJk eta PPk, eta abstenitu egin zen PSE-EE.

 


Bestalde, herri ikastetxeko berogailuaren instalazioa berrizteko proiektua ere onartu zuten gobernu taldeko zinegotzien bozkekin: biomasako berogailua ipini gura du Bilduko gobernuak eskolako eraikin guztietan.

 


Nerea Garitagoitia bozeroaleak esan zuenez, haureskolaren proiektuaren “kontra“ dago EAJ: “Uste dugu Hezkuntza sailaren ardura dela proiektu hori aurrera eramatea, eta gauzak dauden moduan udalak bi milioi euro gastatzea ez zaigu batere zuhurra iruditzen”.

 


Arantza Baigorri alkatek dioenez, aldiz, EAJ izan zen Hezkuntza sailaren konpetentzietan sartu zena. “Beraiek sortu zuten arazoa”, dio Baigorrik: “EAJren udal gobernuak bota zuen bi urteko umeak hartzen zituen eraikina, eta eurek sartu zituzten umeak aurre fabrikaturiko modulo batean”. Haurreskola aurrefabrikatutako eraikin horietan egotea EAJk “epe motzerako soluzio bezala” aurkeztu zuela azpimarratu du Bilduk, “eta dagoeneko sei urte” daramatzatela horrela.

 


“Diru bat daukagu, eta bi aukera”, dio Arantza Baigorri alkateak: “Edo abendua baino lehen eskolan inbertitzen dugu, edo daukagun dirua zorrak kentzera joango denez, aurrerago ez dugu inbertsio hori egiteko dirurik edukiko”. “Gure apustua da herrian inbertitzea da”, esan du Baigorrik.

 


Plan partziala
Eskola berrizteko proiektua garatu ahal izateko, eremu horri eragiten dion Plan Partziala aldatu beharra dago. Joan zen barikuan proposatu zuen Bilduko gobernuak gaia, baina eguenean egingo duten ez-ohiko batzarrean landuko dute gaia, azkenean. Arkitektuaren eta idazkariaren txostenak falta zirela, esan zuen EAJk, eta atzeratu egin zuten gaiaren eztabaida.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!