Hamabi-hamasei urte artekoentzat izango da.
Olazar futbol zelai zaharreko lokaletan elkartuko dira Gaztelekuan hamabi eta hamasei urte arteko gazte zaldibartarrak asteburuetan. Elkartzeko, eta espazio hori elkarrekin hainbat ekintza antolatu eta burutzeko baliatu dute azken urteetan hainbat gaztek. Urriaren 5ean, berriro egongo da martxan.
Gaztelekua, “euskal giroan eta lagunekin egoteko, ikasteko eta primeran pasatzeko txokoa da”. Eta bertako kide izan ahal izateko baldintza bakarra dago: euskaraz jardutea bertan.
Gaztelekuan ez dago izena eman beharrik ikastaroak edo berbaldiak jasotzeko edo antolatzeko, ezta bestelako ekimenak elkarrekin gozatzeko ere. Guztiz irekia da eskaintza. Barikuetan 17:00etatik 20:30era egongo da zabalik, eta zapatu eta domeketan 16:30etatik 20:30era.