Irailaren 20rako antolatu dute lehen batzarra; herritar guztiei egin diete bertaratzeko gonbitea Arantza Baigorri alkateak, Inma Eguen euskara teknikariak eta Nerea Zuria Elhuyar Aholularitzako kideak.
Datozen lau urteetan udalak garatuko duen Euskara Biziberritzeko plangintzaren diseinuan, herritar guztiek parte hartzeko deia egin du udalak. Euskararen normalizazioan udalak datozen urteetan egingo duen lana finkatzeko ekarpenak egitera gonbidatu dituzte zaldibartar guztiak.
Azaldu dutenez, “zaldibartar guztien bizipen, proposamen eta hausnarketak lagungarriak izango dira” lan-mahaian horretan: “Gazteak eta nagusiak, langileak eta langabetuak, kirolariak, musikariak, gurasoak, dendariak, arotzak, mekanikoak, zaintzaileak...”. Denak gonbidatu dituzte, "Euskara Biziberritzeko Plana herritarrentzat eta herritarrekin egindakoa izatea" gura dutelako.
Batzar irekiak
Batzar birako hitzordua zabaldu du udalak. Irailaren 20an eta urriaren 4an izango dira, 18:30etik 20:30era, liburutegi zaharrean. Elhuyar Aholularitza enpresak jardungo du prozesua dinamizatzeko beharretan. Euskararen egoeraren diagnosia egingo dute lehenengo batzarrera bertaratzen diren guztien laguntzagaz, eta aurrera begirako erronkei buruz jardungo dute bigarren batzarrean. "Ordu biko saio dinamikoak, ludikoak, parte hartzaileak izango dira, eta herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta, denek daukatelako zeresana", dio Nerea Zuria Elhuyarko kideak.
Zaldibarren euskararen normalizazioaren bidean datozen lau urteetan egingo duten lanaren bideorria zehazteaz gainera, "prozesu honen beste helburuetako bat Zaldibarren euskararen egoerari jarraipena egingo dion talde iraunkor bat sortzea" dela esan du Inma Eguen teknikariak.
Parte hartzeko interesa dutenek eguen@zaldibar.org helbidera idazteko edo 946827016 zenbakira deitzeko eskatu du udalak.