Goierri auzoan, dorretxe, jauregietxe, ermita eta baserri historikoen artean

Anboto 2012ko ira. 9a, 08:51

Zaldibarko Goierri auzoan balio historiko handiko eraikinak aurkitu ahal dira, Donejakue Bidean kokatuta dagoen Santa Marina ermitatik hasi eta Garitaonaindia izeneko dorretxeraino

Zaldibarko Goierri auzoan balio historiko handiko eraikinak aurkitu ahal dira, Donejakue Bidean kokatuta dagoen Santa Marina ermitatik hasi eta Garitaonaindia izeneko dorretxeraino.

 

\"\"

 

Tomas Garitaonaindia Agiñibar (1869-1940) Zaldibarko bertsolari eta bertsozalea, Goierri auzoko Arriondo baserrian bizi izan zen. Bere bertso zaletasuna Goierriko baserriak ezagutara emateko baliatu zuen eta auzoko ia baserri denei buruzko bertsoak sortu zituen, ostean herrigunean eta lagunartean abesten zituenak. Goierri  auzoa ezagutzeko jakingura duen bisitariak zutik aurkituko ditu bertso haietako baserriak gaur egun ere.

 

Goierriko auzotarrek 1978an Agiñibar bertsolariari eskainitako oroigarri bat Santa Marina ermitan dago. Santa Marina Areitio gainera heldu (harrizko zubia azpitik pasatuta) eta eskumatara hartu ondoren, handik metro gutxira dagoen zuhaiztiaren gerizpean dago. Egunpasa joateko prestatuta dago, egurrezko mahai eta aulkiekin. Probaleku bat ere badu, eta harri astunak ere bai alboan.

 

Ermita Donejakue Bideko kostaldeko ibilbidean kokatuta dago, Zaldibarko San Martin eta Santiago ermitekin batera. Jatorrizko ermita Ganguren mendiaren tontorrean zegoen eta berau erori zenean santuaren irudia Gazagako Santiago baselizan gorde zuten. Gaur egungo Santa Marina ermita 1615ean  bedeinkatu zuten eta santuaren irudia prozesioan eraman zuten ermita batetik bestera.

 

Goierri auzoko beste altxorretako bat Garitaonaindia dorretxea eta jauregietxea dira. Zaldibarko industriguneko atzealdean dagoen bidexka batetik joanda heltzen da eraikin historiko horretara. Jaurlaritzaren Euskal Kultur Ondarearen Zentroak onura arkitektonikoko kultur ondasunen katalogoan dauka zerrendatuta. Dorretxea XVII. mende hasierakoa da eta jauregietxea XIX. mendekoa. Orain dorretxea dagoen tokian, horren aurretik, baserri bat zegoen bertan, XVI. mendekoa. Balendin Lasuenen Herriko Kondaira Koadernuak bildumako 26. alean jasotzen dira xehetasun guztiak.

 

Dorretxearen ateburuan armarri bat dago eta, han jasotzen denez, Pedro Onaindiak eta Madalena Zurikarai gizon-andreek sortu zuten dorretxea 1612. urtean. Jauregietxea dorretxeari  erantsita dago eta 1900 eta 1929an berriztu zuten. Fatxada nagusiaren atariko arkuaren gainean armarri multzo bat dago, hareharrizko hiru zatik osatua. Lsuenek idatzi zuenez, “edertasun handiko multzoa da, eta aldi berean oso originala”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!