Udan hasi beharko dituzte eskola eremuko lanak

Anboto 2012ko uzt. 21a, 08:26

Bilduren gobernu taldearen asmoa obra datorren urteko udan amaitzea zen

Bilduren gobernu taldearen asmoa obra datorren urteko udan amaitzea zen. 

 

Dauzkaten diru-soberakinak bankuekiko zorrak ordaintzera bideratu behar dituzte abendutik aurrera udalek. Horixe agintzen du Espainiako Gobernuak onartu duen Administrazio publikoen aurrekontu egonkortasunerako 2/2012 legeak. “Lege horrek behartuta”, abuztuan ekingo diete eskola eremuko obrei, Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak esan duenez. Lanak datorren udan amaitu gura zituzten.

 

 

\"\"

Eskolako obra ordaintzeko dirua aurrezten ibili da Zaldibarko Udala azken hilabeteetan, alkatearen berbetan. Dirua obretan aurreikusi legez inbertitzeko moduaren bila aritu dira asteotan, eta ondorioztatu dute lanak abendua baino lehen hastea dela soluzio bideragarri bakarra.

 

Lanak ahal den arinen hasteko, udal aurrekontuan kreditu aldaketa egitea proposatuko du Bilduren gobernu taldeak datorren asteko plenoan. Izan eren, abuztuan KZgunea hartzen zuen eraikina botatzea da gobernu taldearen asmoa. Ostean, abuztutik eta abendura bitartean egin gura dituzte obrak hasteko tramiteak eta adjudikazioak.

 

Baigorrik onartu duenez, eskola eremuko lanak prozesu lasaiago bat jarraituz egitea zen euren asmoa. Baina, egoerak behartuta,  2012-2013 ikasturtean zehar burutuko dituzte obrak, “beti ere umeen segurtasunerako beharrezko neurriak hartuta, eta ahalik eta kalte gutxien eraginda”.

 

Tramiteak azkartzeko

Obrari ekin ahal izateko, lanak Zaldibar Hirigintzen enpresa publikoaren bitartez egitea proposatuko du udal  gobernuak, “tramiteak ahal beste azkartzeko”.

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak hartuko du lanen kostuaren %60 bere gain, eta gainontzeko %40a udalak. Horrela adostu dute erakunde biek orain arteko negoziazioan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!