Olaia Araukua zinegotziak eta Arantza Baigorri alkateak aurkeztu dute Zaldibarko jai egitaraua. Jai Batzordeak jardun du egitaraua antolatzen: herriko hamalau elkartek hartu dute batzordean parte.
Aurten Jai Batzordeak "garrantzia handia hartu" duela eta erabaki inportanteak hartu dituela azpimarratu du Olaia Arauko Bilduko zinegotziak aurkezpenean. Besteak beste, jaiak izendatzeko modu berria adostu dute Jai Batzordeko kideek: Santa Isabel edo Udako San Andres jaiak barik, Zaldibarko Jaiak izena hartuko dute jaiek aurrerantzean. Bestalde, jaien data zehazteko, uztaileko lehenengo eguena hartzea ere erabaki dute: jaiak eguenetik domekara izango dira.
Uztailaren 5ean ekingo diete 2012ko Zaldibarko jaiei. Arantza Baigorri alkateak aurreratu duenez, Lagun Artea txirrindulari elkarteak jaurtiko du jaien hasierako txapligua. Umeekin entrenatzaile moduan egin duen lana eskertu gura diote ekitaldi horregaz, txirrindulari elkarteko Antonio Gutierrez Medallasi.
Azken urteetan harrera ona eduki dutenak dira Jai Batzordeak osatu duen egitarauko ekitaldietako asko. Balkoitik Balkoira bertsolaritza saioa egingo dute uztailaren 8an, Zaldua plazan: Eneko Abasolo \'Abarkas\', Uxue Alberdi eta Iñigo Manzisidor \'Mantis\' bertsolariek jardungo dute. Besteak beste, Obrint Pas eta Abadiñoko Kruders taldeen kontzertua programatu dute uztailaren 6rako; eta Triki Ta Ke taldearena uztailaren 7an.
Jaietan maoizko prakak edo arrantzale gona, alkandora zuria eta gerriko berdea jantzita ateratzera animatu dituzte zaldibartarrak. Herrian jai giroa zabaltzeko askotariko ekimenak antolatu ditu Jai Batzordeak: Debako elektrotxarangaren kalejira, herri-bazkaria, \'mojito poteoa\', Errotxapeako erraldoien kalejira, esaterako.